Jatorria, jatortasuna eta enpatia... izan ala ez izan
Beethovenen jaiotzaren 250. urtebetetzea dela-eta, Donostia Musika elkarteak hainbat kontzertu antolatu ditu irailaren lehen astean. Besteak beste, benetan polita, Julia Sicilianok (pianoa), Kyril Ziotnikovek (txeloa), Luis Cámarak (klarinetea) eta Dmitri Makhtinek (biolina) elkarrekin eskainitakoa.
Aurkezpenak, 'mexikar-amerikar' gaztelania landuaz, Julia Sicilianok egin zituen txukun eta egoki asko, sonatarik sonata azalpen didaktikoak eskainiz. Hasteko kaixo esan eta amaitzeko, berriz, eskerrik asko. Ez da euli-kaka, Julia Siciliano Robert Treviñoren emaztea dela kontuan hartuz gero. Izan ere, lau urte daramatza senarrak Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaritzan eta, nik dakidanez, inork ez dio lau urteotan, sekula, tutik euskaraz entzun eta, harrigarri bada ere, ezta gaztelaniaz ere.
Kirolari, irakasle, enpresari, ikertzaile, teknikari, artista, saltzaile edo etorkin behartsu, ez da gero atzerritarrik falta euskal gizartean, baina ez dut uste inor dagoenik, gure artean lau urte bizi ondoren, hiruzpalau hitz euskaraz ikasi ez duenik edota gaztelaniaz (edo frantsesez) konpontzeko gauza ez denik... Robert Treviño, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zuzendaria izan ezik.
Sumatu arren, ez dakit seguru zergatik Treviño jaunak ez duen nahi izan esaldiren bat edo beste euskaraz ikasi, baina nago badakidala zergatik ez duen gaztelaniaz ikasi. Hau da: nahiz ezjakinarenak egin, horrenbeste badakielako, ume-umetatik etxean entzun zuelako, eta, hain zuzen ere, bere familiari eta bere arbasoei uko egin nahi dielako. Funtsean, mexikar jatorriaren lotsa delako; segurutik, mutikotan, mespretxua eta gutxiespena jasan zituelako. Ez da konturatzen, ordea, gu ingelesez hitzegiten jartzen gaituen bakoitzean, guri egiten digula berari egin izan zioten erdeinu berbera. Birritan da yankien biktima.
Zalantzarik gabe, Robert Treviño orkestra zuzendaria, Julia Siciliano piano-jotzailea baino “goi-mailakoagoa” eta ospetsuagoa da Europako zein Ameriketako musika-eszenan, baina Juliak baditu, bistan denez, senarrak ez dituen jatortasuna, apaltasuna, oreka, enpatia eta dotorezia.
Hori bai, bakoitza bere buruaren jabe da eta nork bere hautuak egiten ditu. Gero gerokoak.