Jantzi adimendunak
Gure aita zenak nekez ulertuko luke zer arraio egiten duen bata zuridun ikertzaileak, buzo urdina jantzi eta arropak tindatzeko, garbitzeko eta plantxatzeko ekoizkinak azaltzen dituen erakustazokan. Segurutik, aita zenak ezezik, gainerako jenderik gehienak ere ez luke samur ulertuko nola arrazio elkarrekin bildu daitezkeen azoka berean kimika fisikoan doktoratuak eta inoren arropa zikinen garbitzaileak baina, funtsean, azken urteotan “oinaztua letxe” gertatu den bilakaeraren adierazgarri baino ez da.
Laburbilduz, ehungintza alorretik ateratzeke, gure aitaren belaunaldiak artisautza ezagutu zuen, ondotik etorri ginenok prozesu guztiaren mekanizazioa bizi izan genuen eta oraingo belaunaldiak, berriz, “zuntz adimendunak” ikertzeari ekin dio.
Naizen hau 1963ko udaran hasi nintzen “tintorero” ikasten Bilbon (Errekaldeberri auzoko Larraskitu kalean, apopilo) eta amari esker Amabost egun Urgainen, Noni eta Mani edo Malentxo alargun irakurri nituen garaian, aitak Guía del Tintorero Quitamanchas tankerakoak luzatu zizkidan. Ia berrogeita hamar urte geroago liburua begiratzea besterik ez dago, orduko baliabideak zein “kimikoak” ziren konturatzeko. Horrela jakin nuen nik ardo-orbanak garbitzeko sodio-permanganatoa eta azido azetikoa zein onak diren.
Sukaldeko errezeta ematen duen arren, garbitzeko formula da. Bartzelona, 1930
Ondoko hogeita bost urteetan sektorea erabat mekanizatu zen eta beste hogeita bost urte geroago, berriz, zuntzak edo ehun-gaiak nola adimendu da hurrengo erronka. Izan ere, arropek euren burua ez zikintzea ikasiko balute, ez genuke garbitu beharrik izango; ez zimurtzen asmatuko balute, ez litzateke lisatu beharrik; eta, hozberoa kontrolatzea lortuko balute, berriz, urtaro guztietan jantzi-mota berbera erabili ahal izango genuke.
Gure aitak jakin izan balu...
Aittittak, Vestidos y Tocados. Bilobak, Kimika Fisikoa. Sektore beretsuak, antza