Izan zirelako gara, industriaz ere
Sarri hitzegiten dugu industriaz, gutxiespenez, XIX. mendean, guk nahiezta-edo, kanpotik etorri izan balitzaigu bezala. Caro Barojari irakurri besterik ez dago, ordea, gogoratzeko, euskal industriaren aztarrenak XI. mendekoak direla eta bostehun urte geroago Debarro osoa peninsulako industrialderik garrantzitsuena zela, produzkzioaz, logistikaz, merkataritzaz zein finantzaz.
Garibairi jaramonik egin baino ez, jakiteko, XVI. mendean Arrasateko gizarte kaletarra guztiz modernoa eta dotorea zela, eta ordurako bazirela ekimenez, negozioz eta enpresaz erabateko prestijioa zuten emakumeak.
Era berean, euskal itsasontziak ez ziren aurrenak izan munduari bira ematen euskaldunak marinel onak zirelako soilik, itsasontzigintzan teknologorik onenetakoak zirelako baino. Eta euskaldunak Gaztelako gortean zein Ameriketako abenturan protagonistak izan bazirenh, ez zen izan beste inor baino ausartagoak zirelako, jende dezente ikasiagoa eta lehiakorragoa zelako baino.
Ondo dago, bai, XIX. mendeko industrializazioaren garrantziaz jabetzea, baina ezin horratik ahaztu ehun urte lehenagokoa dela Euskalerriko Adiskideen Elkartearen ilustrazioa, industria, teknologia eta ikerkuntzaren alde; eta Bergarako zein Azkoitiko zalduntxoak baino belaunaldi bat lehenagokoak izan zirela Mutriku, Lekeitio eta Bilboko ”novatore” edo “berritzaileak”.
Azken mila urteotako euskal tradizioetako bat da industria eta, batere susmagarria ez den Unamunok esan zuenez, “herririk tradizionalistenak dira progresoa eragiteko aukerakoenak, progresoa tradizio bihurtzeko aproposenak dira-eta”.
Hartara, aurretik izan zirelako gara, industriaz ere, eta oraingook jarraitzeko gauza bagara, ildo beretik izango dira gure hurrengokoak ere. Bestela…nekez.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria