Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ixteko hamaika arrazoi

Ixteko hamaika arrazoi

Amatiño 2012/09/14 23:45
Nuclenor-ek Garoña ixtea erabaki baino hiru hilabete lehenago, Terra.org digitalak “Diez razones para cerrar Garoña” agiria jaso zuen sarean. Zenbait adituren iritzia omen zenez gero, ez dut nik hamar arrazoietarik bat bera ere ukatuko baina bai nabarmenduko, ordea, hamaikagarren bat izan dela azkenean Garoña itxiarazi duena.
Ixteko hamaika arrazoi

Garonako Zentral Nuklearra

Behar bada ez dugu zehatz mehatz sekula jakingo baina, ziurrenik, azken bolada honetako krisialdi latzak energia-kontsumoa murriztu izan ez balu, argindar-eskabidea gutxitu izan ez balitz (eta, aldi berean, ekoizpena gehitu) edo Industria Ministeritzak bere egiazko energia-egitasmoa denboraz arautu, zehaztu eta jakinerazi izan balu, Garoña ez litzateke 2013an itxiko, 2019an baizik

Esanak esan, ez dirudi ondoko bost zertzelada hauek zalantzan daudenik: 1- Nuclenor-ek (Iberdrolak %50 eta Endesak %50) orain hamar hilabete eskatu ziola Ministeritzari ahalik eta erregulaziorik zehatzena finkatzea, beste sei urteko ekoizpen-luzapena eskatzerik merezi ote zuen ala ez aztertzeko. 2- Ministeritzak erantzun ziola aurrenik luzapena eskatzeko eta gero gerokoak. 3- Nuclenor-ek, erregulaziorik ezean, luzapena eskatzeko epea atzeratzea eskatu zuela gero. 4- Ministeritzak, Nuklear Segurtasun Kontseiluari (CSN) iritzia eskatu ostean, eperik (irailak 5) ez atzeratzea erabaki zuela. 5- Eta, azkenik, Nuclenor-ek ez duela nahi izan, antza, baldintza horietan beste sei urtez jarraitu.

Ministeritzaren eta Nuclenor-en arteko eztabaida, pultsu edo erronka-jotze horren atzekaldean espainiar energia-politika (edo politikarik eza) dago. Hau da, zor publikoa, tarifa-mentsa, erregulazio falta eta energia-sektoreen arteko tira-birak

Zenbaitek uste dezake hau guztia aitzakia besterik ez dela eta, behar bada, izan ere izan daiteke, baina ez du derrigorrez, nahitaez, aitzakia izan beharrik. Energia-arloan plangintzak eta diru-ezarpenak luzera egin behar izaten dira eta, egitasmoak burutu ahal izateko, inbertsioek gutxieneko informazioa behar izaten dute, zenbait urtetarako estrategia jarraitua (gobernu-aldaketen gainetik) eta joko-arau jakinak. Eta, hain zuzen ere, hau ez da espainiar merkatuaren eskakizun arraro bat, mendebaldeko ekonomia garatu eta aurreratu guztietan oinarri-oinarrizkotzat jotzen den baldintza baizik. Adibidez, Estatu Batuetako energia eolikoaren 2006 urte arteko patxada erregulazio faltari leporatu ohi zaio eta geroztikako garapen galanta, berriz, ondorengo araudi suspertzaileari.

Garoñaren emaitza Espainian ekoitzitako energia nuklearraren %6,6 da eta energia guztiaren %1,6. Energia-iturrien gaineko eztabaidan sartzeke, edozenbat dira uste dutenak Garoñaren hiru edo bederatzi urteko egitaraua baino dezente garrantzitsuago dela urteak joan eta urteak etorri falta den erregulazioa behingoz arautzea.

Oharra: Hau guztia idatzi ostean jakin da Industria eta Energia Ministeritzak gaur bertan onartutako argindar-sektorearen erreforma. Erabakiaren azterketa hurrengorako utziz, ezinbesteko lehen galdera zera da: zergatik ez zuen Ministeritzak irailaren 4an hartu hamar egun geroago hartu duen erabaki berbera?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: