Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Itzultzaile onegia

Itzultzaile onegia

Amatiño 2012/08/03 18:45
Atzoko partidatik bueltan Radio Euskadik, Euskadi Irratiak ez bezala, zuzenean eskaini zuen Bielsaren prentsaurrekoa. Ez zen, egia esan, minututan askorik luzatu, baina balirudike nabarmen luze izan zela, erdia inguru kroazieraz izan zen-eta. Esan beharrik ez, jakina, argentinarrak ohi duen gaztelania loratuz bezain geldoz erantzun ziela kazetarien galderei, eta aldamenean zuen itzultzaile kroaziarra saiatu zen saiatu bere lana ondo asko betetzen.
Itzultzaile onegia

Marcelo Bielsa

Minututik gorako erantzunak labur samarrak izan ohi dira bertatik bertara jardun behar duen erantzulearentzat, baina dezente luzeak, ostera, irratiz aditu behar dituen entzulearentzat; are gehiago erantzun bakoitzaren ondotik dagokiokeen itzulpena egin behar izanez gero. Zer esanik ez, hizkuntza guztiz arrotz eta ezezaguna baldin bada.

Nonbait itzulpena naroegia iruditu zitzaion Radio Euskadiren esatariari eta, barrena, pare bat aldiz jo zuen “sakonegitzat” itzulpena (traducción exhaustiva) eta baita behin ausartu ere esaten “itzulpenak ez ote ziren Bielsaren erantzunak baino luzeagoak”; alegia, itzultzailea ez ari ote zen Athletic-en entrenatzaileak zioena baino gehiago esaten.

Seguru gero minutu luzeko itzulpenak, irratiz eta kroazieraz, ikaragarri astunak suerta daitezkeela baina beldur naiz bertako kazetariaren salaketaren baitan ez ote zegoen beste susmo larriren bat edo beste. Hau da, batetik, pentsatzea itzultzailearen lana ez dela, hain zuzen, itzultzea –ahalik eta zehatzen eta zorrotzen itzultzea--, pasa-misi eginez nork bere kasa laburtzea baino. Eta, bestetik, inoren hizkuntzak norberarenak baino arreta eta begirune gutxiago merezi duela.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: