Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal etimologiak heldutasuna lortu du. Orain euskal etimologiazaleak heltzea baino ez da falta

Euskal etimologiak heldutasuna lortu du. Orain euskal etimologiazaleak heltzea baino ez da falta

Amatiño 2020/04/02 14:00
Orain arteko ikerketak gutxietsi gabe, bada esan duenik Lakarrak gogotik landutako garapen honekin euskal etimologiak nolabaiteko heldutasun homologagarria lortu duela. Segurutik horrela da eta poztekoa gainera. Orain euskal etimologiazale amateurrak heltzea eta homologatzea baino ez zaigu falta.
Euskal etimologiak heldutasuna lortu du. Orain euskal etimologiazaleak heltzea baino ez da falta

Liburu-azala

Sasoi batean, sarri aipatu izaten zen, politikaz, erlijioaz edo euskararen gainean eztabaidatzeko, ez zegoela askorik jakin beharrik. Lotsa handirik gabe jardun eta jardun baino ez, besterik ez.

Euskaldunoi betidanik gustatu izan zaigu izen-deituren, leku-izenen eta, oro har, hitzen nondik norakoa zein ote den jakitea. Valentin Gutierrez edo Isabel Lasheras izeneko pertsonek inoiz gutxitan arduratzen dira euren izen-abizenen esanahiaz, baina Nekane Areitiourtena edo Unai Gabikagogeaskoa izenekoek, ostera, seguru gero behin baino gehiagotan arduratu izan direla euren izen-abizenen jatorriaz.

Auskalo zergatik, baina, euskaraz, gaztelaniaz baino dezente jende gehiago dago, hitzen zentzu bila aritzen dena. Febrero zergatik den febrero bost axola zaio jendeari, baina otsaila hilabete hotza ala otsoen hila ote den, afalosteko eztabaida izan daiteke.

Euskaldunok oso etimologiazale omen gara, onomastika eta toponimia tarteko. Bai, baina amateur hutsak antza, orain arte zaila izan den arren euskal etimologiaz azterketa seriorik aurkitzea --Koldo Mitxelenarenak eta beste gutxi batzurenak izan ezik-- are zailago euren emaitza serioez interesatutako irakurleak topatzea.

Hona non, ordea, nola, holakoren batean, lehen Euskal Hiztegi Historiko Entziklopedikoa kaleratu den, Joseba Lakarraren zuzendaritzapean* eta Euskaltzaindiaren eskutik. Orain arteko panorama dezente aldatzera datorkigun azterketa, besteak beste. Ez da, gero, nolanahikoa: hamar urteko lan galant eta eskerga, bostehun orrialde eta ia hiru kiloko liburutzarra.

Hiztegia orain bederatzi hilabete aurkeztu zen eta ezin esan arrakasta handirik izan duenik euskal publikoaren aldetik. Behar bada, ez da sekula izan, euskarazko liburugintzaren historia osoan, ikerketa landuagorik, interes gutxiago eragin duenik.

Batek daki euskaldunok benetan gustuko ote dugun etimologia, ala itxurakeria hutsa baino ez den. Dena dela, bukatu dira amateurismoaren hizjario merkearen garaiak. Orain non kontsultatu eta non ikasi dago, eta amaitu dira esne-berbak.

Orain arteko ikerketak gutxietsi gabe, bada esan duenik Lakarrak gogotik landutako garapen honekin euskal etimologiak nolabaiteko heldutasun homologagarria lortu duela. Segurutik horrela da eta poztekoa gainera, Orain euskal etimologiazale amateurrak heltzea eta homologatzea baino ez zaigu falta.

      --------------------------------

*Lantaldea: Joseba A. Lakarra, Julen Manterola eta Iñaki Segurola. Laguntzaileak: Gabriel Fraile eta Koro Segurola. 

Horrez gainera, sarrera gisako "Euskal Hiztegi Historiko-Etimologikorako Oinarriak" izenburupeko aurkezpen luzearen (139 orrialde) amaieran, Lakarrak berak 'Eskerrak' deitu azken atala ezartzen du, non, barrena, hogeitaka laguntzaile, izen-abizenez, gogoan dituen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: