Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Itxaropena Argitaldariaren omenetan

Itxaropena Argitaldariaren omenetan

Amatiño 2011/05/06 19:58
Bernardo Atxaga eta Javier Marías idazleekin batera, Itxaropena Argitaldariak jaso zuen bart iluntzean, Bilbon, aurtengo Carlton-Argital saria. Ez dakit aipatu idazleek aurkezpen handirik behar ote duten, baina Itxaropenak ondo mereziak ditu egin dakizkiokeen aurkezpen, goraipamen, gorazarre, laudorio eta txalo-zaparrada guztiak. Nahiz, segurutik, gaurko euskal irakurlerik gehienek hartaz ezer gutxi jakin.

Inoiz aipatu izan dudanez, 1962 arte edo, gure etxean urtean zehar argitaratzen ziren euskarazko liburu guztiak erosi izaten ziren. Ez zen diru-kontua, borondate-kontua baino.  Aita zenak hartara behartzen gintuen eta han-hemenka erositako libururik gehienak Zarauzko Unzurrunzagatarrek argitara emandakoak izan ohi ziren. Itxaropena Argitaldaria “etxeko” genuen guk garai hartan, gure euskal nortasun edo senaren ezinbesteko lankidetzat jotzen genuen.

Orixe, Lizardi, Salbatore Mitxelena, Mogel, Txomin Agirre, Emeterio Arrese, Antonio M. Labayen, Eusebio Erkiaga, Manuel Lekuona, Yon Etxaide eta garai hartako gehienak Itxaropenaren eskutik sartu ziren gurean. Ildo beretik  Pio Barojaren zein Hemingway-en lehen  euskarazko itzulpenak. Eta Legazpi, Elcano eta Urdanetaren abenturak, gaztelaniaz.

Ale solteez gainera,  baita liburu-sortak ere. “Kuliska Sorta” kaleratzeari 1952an (nik zazpi urte nituela) ekin zion Itxaropenak eta ordurako,  gerra aurretik hasita, haren moldiztegian abian jarria zen “Egia Sorta”,  Jose Migel Barandiaranen “Euskalerriko leen gizona” aurrenengo alearekin batera. Denek edo gehienek etxean jarraitzen dute mende erdi geroago.

                                                         Unzurrunzaga Patxi

                                                                  Patxi Unzurrunzaga (1906-1984)

Patxi Unzurrunzaga, sortzailea, 1984an hil zen. Euskal liburugintzak ez zion  behar bezain ondo aitortu urterik zailenetan egindako lan eskerga. Elhuyar Hiztegi Entziklopedikoak (Usurbil, 1999)  ez zion sarrerarik ere eskaini. Seguraski hobe berandu sekula baino, baina zer pentsa ematen dit Itxaropena Argitaldariari emandako saria arrazoitu beharra sentitu izanak. Nonbait ez dugu beti asmatu.

 Editorial Itxaropena

Kuliska Sortaren 1950 eta 1960 hamarkadetako hainbat uzta

Leen-gizona Leen-gizona 2

"Egia Sorta" Zabaldundea'ren lehen erantskia. Azala eta aurrenengo orrialdea. Itxaropena Argitaldaria. Zarautz, 1934

Pernando plaentxiatarra

Plaentxia-Eibarretan bildutako ipui-sorta. Biltzalle: San Martin'dar Yon. Tajutzalle: Etxaide'tar Yon. Dibujatzalle: Larrañaga' tar Paulino. "Itxaropena argitaldaria" irar-lantegitan argitara emana. F. Unzurruntzaga. Zarautz, 1957

Trebi
Trebi dio:
2011/05/09 19:09

Neu be liburu zahar zalia be banok eta hik esandako guztia egi borobila dok, goittik behera. Garai bateko liburuen artian zenbat eta zenbat Itxaropenakuak. Nere errekonozimendu be bajakak gizon horrek, ez najuan bera ezagutu, baina bai bere obra. Txapela kentzekua.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: