Itxaro Borda: “Inork imajinatzen al du egungo Euskal Herria emazterik gabe?
Piarres Lartzabal zenaren “Mugari tiro” antzerkiaren gomutaz, mugak baliatu zituen Itxaro Borda osoko euskaltzain berriak, sarrera-hitzaldian barrena hainbat gogoeta egiteko.
Denetariko mugak (1). Kultura, politika, geografia (2), denbora, hizkuntza, hezkuntza, poesia eta beste hainbat alderditako mugak. Adin (3), klase, genero (4), sexu-orientazio (5) eta bestelako mugak (6). Idazle (7), irakurle (8), itzultzaile eta periferikoenak (9). Besteak beste, gutako guztion mugak (10).
Itxaro Bordaren sarrera-hitzaldiaren ostean, Sagrario Aleman euskaltzainak erantzun zion harrera-hitzaldiaz eta, ondoren, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Adolfo Arejita buruordeak eta Erramun Osa idazkariordeak, hurrenez hurren, bete zituzten zorrotz asko erakundeak bere buruari jarriak dizkion protokolo-erregela zehatzak.
Amaitzeko, euskaltzain berriak zin egin zuen Euskaltzaindiaren egitekoak zintzo beteko dituela eta, ondotik, bertaratutako euskaltzain oso guztiak banan banan hurbildu zitzaizkion agurtzeko eta, elkarrekin, argazkia ateratzeko.
Hamargarren emakume euskaltzain osoa
Itxaro Euskaltzaindiaren 4. aulkian eseriko da, aurretik, atzekoz aitzinera, Arturo Campion, Juan Carlos Guerra, Ignacio M. Echaide, Piarres Larzabal, Txomin Peillen eta Xarles Videgain euskaltzainek, elkarren ondotik, azken ehun urteotan okupatu izan duten aulkia.
Euskaltzaindia 1919an sortu zen eta aurreneko zazpi hamarkadatan euskaltzain guztiak gizonezkoak izan ziren. Lehen emakumezko euskaltzain osoa, Miren Azkarate, 1992an izan zen izendatua. Geroztik, Itxaro Borda izango da, honezkero da, hamargarrena.
(1)“Muga, batzuen ametsa da eta besteen amesgaiztoa”. (2)“Mugak, aldizka errotzen eta exiliatzen gaitu”. (3) “Euskal emazte idazleei bidea ireki zien belaunaldiaren parte sentitzen naiz”. (4) Amaia Lasa, Laura Mintegi, Arantxa Urretabizkaia, Tere Irastorza, Marixan Minaberri, Marikita Tanburin… (5) “Kezka sozial berriak ekarri genituen plazara, gorputzaren inguruko ikuspegi pentsaezinak”. (6) “Aldi berean inside eta outside ibiltzearena”. (7) “Idaztea izan da herriarekin ukan dudan lotura nagusia”. (8) “Beti da norbait irakurri behar ez duena irakurtzen duena”. (9) “Periferikoa izateak –eta hala naiz duda izpirik gabe--, idazle minorea naizela erran nahi ote du?” (10) “Mugatua den mundu bateko jende mugagabeak gara”.
.