Itun fiskalaren gibela
Kontu jakina da Katalunia eta Euskal Herriko (Euskal Autonomia Erkidegoa zein Nafarroa) ordenamendu juridikoen arteko alderik nabarmenenak eskubide historikoak eta eskuduntza fiskalak (Kontzertu Ekonomikoa) direna.
Ezaguna ere bada, 1979ko Gernikako Estatutuak eskubide historikoak bildu arren, Estatutu katalanak ez duela beste horrenbeste egiten. Jakina den moduan, 1978ko Konstituzio Espainiarrak 1839ko euskal foruak aipatzen dituena, Kataluniakorik batere aipatzen ez duen artean. Gauzak honela, galdera zera da: Aragoiko Koroa espainiar Estatuaren sortzaile izanda, zer dela-eta ez zaio Kataluniari eskubide “historikorik” --eta, ondorioz, itun fiskalik-- aitortzen? Erantzuna, 1716an.
XVIII. mendearen hasieran Ondorengotza Gerra izan zen, borboiak (Felipe frantsesa) eta austriarrak (Karlos artxidukea) elkarren aurka. Euskal Herriko lau lurraldeak borboien alde aritu ziren eta Aragoi, Katalunia eta Valentzia, aldiz, austriarren ontartean. Gerra borboiek irabazi zuten, Felipe V.a nagusitu eta, bere alde aritutakoak saritu eta kontra jardundakoak zigortu. Alegia, lehenengoen foruei eutsi eta besteenak hautsi.
Hau izan zen, segurutik, azken bostehun urteotako historian zehar euskal abertzaleek irabazitako gerra bakarra. Galdu zuten Amaiur (1522), galdu zituzten XIX. mendeko karlistadak eta baita Francoren (1936) kontrakoa ere. Paradoxa izan arren, Herri hau beti izan da trebea armagintzan baina gutxitan asmatu du, ostera, armetan jarria.
Orain hirurehun urteko borboien aldeko hura gerra-garaipenik bakarrenetakoa izan zen, baita, luzera, onuragarriena ere. Oraindik ere haren errentaz dugu indarrean dirauen autonomi-maila eta, noski, baita 1978ko Konstituzioa zein 1979ko Estatutua negoziatu zuen belaunaldiaren memoria historikoari zein kudeaketa-zentzuari esker ere.
Inork ez du egun gogoan Kataluniak lege zaharrik izan zuenik ere. Euskal lege historikoak, ostera, Espainiako Konstituzioan aipatzen dira, hitzez hitz. Euskal foruak ez dira antzinako ipuinak, oraindik ere indarrean dauden herri-eskubide zaharrak baizik. Eta ez dira eskubide sinboliko hutsak, gure eguneroko ahalmen eta bizimoduaren gibelean dauden erroak eta sustraiak baino.