Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Itsas haize-erroten ortu berdea

Itsas haize-erroten ortu berdea

Amatiño 2010/05/10 00:05
Espainiako Ingurumen eta Industria ministerioek elkarrekin burutu dute itsasbazterreko Ingurumen Estrategia Ikerketa non itsasaldea hainbat zatitan banatzeaz gainera, eremu erabilgarriak, baliagarriak eta galeraziak aldez aurretik zehazten diren, berdez, horiz eta gorriz hurrenez hurren.

Europako Ingurumen Agentziaren iragarpenen arabera, Europar Batasunaren itsas haize-erroten energia 2.600 TW/orduko izango da 2020 urtean eta 3.400 TW/orduko, berriz, 2030an. Hau da, azken urte honetako energia-eskariaren %78.  Etorkizun hau bideratu nahirik, Espainiako Ingurumen eta Industria ministerioek  elkarrekin burutu dute itsasbazterreko Ingurumen Estrategia Ikerketa non itsasaldea hainbat zatitan banatzeaz gainera, eremu erabilgarriak, baliagarriak eta galeraziak aldez aurretik zehazten diren.

                     

Irudian Muskiztik Hondarribiararteko itsasbazterra laburbiltzen da. Gorriz, itsas haize-errotak jartzeko eremu guztiz galeraziak, horiz hainbat baldintzaz baliagarri izan daitezkeenak eta berdez, berriz, erabilgarriak. Bistan denez, alderdi erabat galeraziak Bilboko "Abra" kanpoko ahoa, Matxitxako inguru-minguru zabala, Zumaiako "flyscha" Orioraino eta Pasaialdea. Itsasbazterrik berdeena, berriz, Ondarroatik Debara bitartean.

Oro har, euskal itsasaldea ez da inondik ere eremurik aproposena itsas haize-errotak jartzeko. Kontu izan gaur egungo teknologiaren arabera, haize-errotak jarri ahal izateko itsas-sakonera nekez izan daitekeela 20 metro baino handiagoa eta, jakina denez, gurean lehorretik aldendu bezain laster berehala agertu ohi dira 50 metrotik gorako sakontasunak.

Dena dela, honez gero hasiak dira han-hemenka zenbait teknologia berri froga gisa jartzen, haize-errota flotagarriak kasu. Esaterako, Noruegan, nazioarteko Siemens enpresak jarria du honez gero lehen aero-sorgailua  220 metroko sakoneran, itsasbazterretik 12 kilometrora, diametroz 82 metroko errotorearekin. Bi urtean izango dute frogan eta, ondorio onik baldin bada, hurrengo 10 urteetan 200 itsas haize-errota  jartzeko asmoa dute.

Jakinekoa da offshore haize-energiak hainbat eragozpen tekniko dituena, baina jakinekoa ere bada itsasbazterretik hainbat kilometrotara erabat gehitzen direna haize-boladak eta, beraz, baita aero-sorgailuen indarra, eraginkortasuna eta errentagarritasuna ere. 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: