Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "It's worth a pity"

"It's worth a pity"

Amatiño 2011/09/29 19:15
Auskalo noiz loratu ote zen, baina ezin gero ukatu “pena merezi du” esaldia denik gero eta gehiago zabaltzen ari diren erdarakada nabarmen horietakoa. Euskararen auzo-hizkuntza ingelesa balitz sekula sumatzerik ere izango ez genukeen trakeskeria.

“Pena merezi du” edo “ez du pena merezi”. Hona gero eta gehiago han-hemenka normaltasun osoz zabaltzen ari den ganorabako erdarakada. Esango nuke esan 1990eko hamarkadaren hasieran edo entzun nuela estreinako esaldi hori giputz ikasien ahotan. Arestian, ostera, Urdaibai traineruko arraunlariari, Euskadi Irratian. Postura egingo nuke ezetz bermeotarrak sekula horrelakorik bere herriko lagunartean esan (ezta esan beharrik sentitu ere) baina, irratiz, hobe beharrez, dotoreago egin gurarik edo...

Eskarmentuz dakit “pena  merezi du” esan ohi duten asko eta asko ez direna esamoldearen okerraz jabetzen, ezta aurrez aurre, bertatik bertara, zuzendu arren ere. “Merezi du” esatea nahikoa dela adierazi eta.jendea aho zabalik geratu izaten da, zer ari gatzaizkion zuzentzen ulertu ezinik,  azpijokoa non ote dagoen galdezka, horren oinarrizko eta garrantzitsua dirudien “pena” non arraio galdu ote den sumatu gurarik.

Gezurra dirudien arren, dezente errazago gertatu ohi da dagozkion azalpenak ingelesez zertxobait baino gehiago dakienari ematea. Hamarren bat urte bai Londresen elkarrekin ari ginela “merezi du pena” esan zidan lankideari ustekabean adierazi niola: “bai, arrazoi duzu, it’s worth a pity”. Eta ziztu bizian, zer irakatsi duenaren segurtasunaz, erantzun zidan benetalari asko: “Ez, ez da horrela esaten. It’s worth it esan behar da”. Baita irripartsu zehaztu ere: “ingelesez ez dago pity esan beharrik”.  Eta, hartara, maltzur samar ezarri ahal izan nion: “Hara, orduan euskaraz bezala, ezta?”

Hamar urte geroago badakit ez duena ahaztu. Lantzean behin elkarrekin topo egiten dugunean, zera bota ohi dit adarra jotze aldera: “Kaixo pity, aspaldiko!”

                                     

           Euskaraz, ingelesez bezalaxe, ez dago ez penarik eta ez pityrik

 

                          

 

oier g
oier g dio:
2011/09/30 15:53

Erregular! "Enkarguak" eta "errekauak" alderatzen zenduzena, Basarri eta euskera "garbiyan" hori, eta hau... kontsultarako gordetzeko morokuak. Eta parian entzutzia suertatzen jakunian, zuzenketa zatar bat baiño elegantiagua zuk idatzittako hau erakustia. Eta eraginkorragua, seguru.

Serafin
Serafin dio:
2011/09/30 12:39

Artikulu bikaiña hi!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: