Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Istilu gehiegi eta independentziaren aldeko boto gutxiegi

Istilu gehiegi eta independentziaren aldeko boto gutxiegi

Amatiño 2015/11/08 19:40
Bada, gurean, Katalunian gertatzen ari dena inbidiaz ikusten duenik. Bada, antzekorik eredugarri proposatzen duenik. Nik, ordea, aukeran, ez nuke inondik ere horrelakorik nahi izango, azken hauteskundeetan, Junts pel Sí koalizioari emandako botoa erabat ulergarri iruditu arren.

Bai. Nik ezagutzen ditudan katalanik gehien-gehienek Junts pel Sí plataformari eman zioten euren botoa irailaren 27an, baina, aldi berean, usted dut, aurrez galdetu izan baliete, ez zuketela Legebiltzarrerako hauteskundeak independentziaren aldeko plebiszito gisa ontzat eman izango. Eta, behin hauteskundeak eratu eta emaitzak ikusi ostean, ezta aurrera egingo ere.

Nago, katalan abertzale askok eta askok etsipenez hartu zituztela irailaren 27ko. hauteskundeen emaitzak, ez zutela itxaro %50etik beherako daturik. Auskalo beste aukerarik ote zegoen baina, gertatua gertatu, ez dut uste nork bere burua engainatzeak ezer onik erakarri dezakeenik.

Eskoziak ez zuen aurrera egin independentziaren aldeko %44,7rekin, ezta Quebek-ek ere %49,42rekin. Zergatik Kataluniak bai, %48,12rekin?

Independentziaren aldeko jarrerak lortu izan balu Katalunian, Lituanian (%90,5), Estonian (%77,83) edo Letonian (%73,58) erdietsi zuen beste, ez litzateke egun amilburuan egongo. Ezta Bosnian (%63,37) edo Montenegron (%55,49) adina bereganatu izan balu ere.

Nekez irabazi dezake nazio batek independentzia munduaren aurka, baina, zer esanik ez, bere herritarren %52ren kontra.

Nik, behintzat, ez nuke nire Herriarentzat burujabetza-mota hori nahi izango. Ez taxuz eta ez zentzuz, ez eraz eta ez moldez, baina, are gutxiago, kopuruz.

Aratz
Aratz dio:
2015/11/10 11:51
Arrazoi osoa duzu. Estonia, Letonia eta Lituanak bezalaxe egin behar dugu. Okupazioarekin amaitu, independentzia berreskuratu, eta gero egin erreferenduma. Askatasunean, nola bestela! Ezin da okupaziopean bozkatu. Bozkatzeko demokrazia behar da.

Baltikoko herri hauek eredugarriak dira. Gauzak ordena lojikoan egin zituzten (lehenik independentzia, gero erreferenduma), eta txukun (bertan bizi ziren errusiarrek ezin izan zuten bozkatu herriaren etorkizuna erabakitzeko orduan)

Joxe Berdabio
Joxe Berdabio dio:
2015/11/10 12:48
Letoniaren etsenplua arras interesgarria iruditzen zait. Letonieraz zekitenek baino ezin izan zuten bozkatu. Katalunian horrela egin balitz, zein izango zen emaitza ? Eta gurean ?
Amatiño
Amatiño dio:
2015/11/10 15:11
Lehen eta behingoz, eskerrik asko bioi. Bistan da Baltikoko hiru Herriok ez direla adibiderik egokienak.

Nik adierazi nahi nuen bakarra zen, botoen kontra joatea oso zaila dela. Eta, zer nahi delarik, botoak biltzea uste baino zailagoa dela, Eskozia, Quebec eta Katalunia, kasu.

Baina, zer gerta ere, adibide egokiak asmatzen ere, jakin egin behar da.

Eskerrik asko.
Aratz
Aratz dio:
2015/11/10 16:02
Zergatik ez dira ba adibide egokiak izango? Quebec eta Eskozia baino askoz hobeak, dudarik gabe. Azken finean askatasuna berreskuratzea lortu dute. Ezin hartuko ditugu ba eredutzat porrot egin dutenak!

Benito Lertxundik Eskoziakoa bozkatu aurretik esan zuen bezala, erreferendumak estatuek antolatzen dituzte (eta ez alderantziz), eta normalean irabatezko... tamalez arrazoi zuen eta Eskoziak galdu egin zuen.

Baltikoko herriek egin zuten moduan, Euskal Herrian erreferenduma euskal estatuak antolatu behar du. Pako Aristik dioen bezala, egingo dugu bai erreferenduma, baina independentzia lortu eta urte batzu pasa direnean, español eta frantsez izan nahi dugun ala ez "erabakitzeko".

Ezin dugu onartu espainiar eta frantziar okupaziopean, euren errolda eta legediaren pean gure etorkizuna bozkatzea.
jaime
jaime dio:
2015/11/11 15:05
Interesgarria oso gertatzen da Katalunyaren independentziarako hartu duen bideari buruzko sortu den eztabaidatxoa. Amatiño errudun!
Gustatuko litzaidake, ahal bada, nire koilaratxoa sartzea saltsa pipermintsu honetan. Nire aburuz, eta Euskal Herriaz ari naiz, hona hemen kontuan hartu beharko liratekeen puntuak balizko independentzia abiarazi aurretik:
1º- Gure historia ez du zer ikusirik ez Baltikoko errepublikak, ez Eskozia, ez eta Québec-erenarekin.
2º- Gure Herria banaturik dago hiru zatitan.
3º- Tamalez, euskara ez da batzen gaituen gehienen hizkuntza; gaztelera hegoaldean eta frantsesa iparraldean nagusiak.
4º- Herriaren demografia gure kontra doa. Gero eta jaiotzarik gutxiago, eta daudenekin ere ezin daiteke herri bat bizirik mantendu.
5º- Laugarren puntuarekin zer ikusi handia duena da azken urteotan datorkigun etorkinen kopurua: mairuak, beltzak, indiarrak, txinatarrak, hegoamerikarrak… Ez dut uste hauek Euskal Herriaren independentzia aldarrikatuko dutenik.
6º- Gure arteko “kainismoa” sekulakoa izan da historikoki: ganboarrak vs oinaztarrak, agaramontarrak vs beaumondarrak, liberalak vs karlistak. Gaur egun, ez daiteke esan Ezker Abertzaletasunak eta EAJk elkarren ezpainak musukatzen dituztenik. Aipatutako batasun ezak ez du inoiz leundu independentziarako bidea.
7º- Erreferenduma eginik ere (EAE, Nafarroa eta Iparraldean) ez dut baiak, portzentaje nabarmenez, irabaziko duenik.
8º- Ba daude aipatzeke puntu ekonomikoak, baina, esparru honetan ez nago aritua, beraz, beste batek bere iritzia eman beza.
Pako Aristiren adierazpenak, nire uste apalaz, ez dira arrunt logikoak; Euskal Herriak lortzen badu amestutako independentzia, bere biztanle gehiengoaren onespenaz izango da, beraz, zertarako bada ditxosozko erreferenduma urte batzuk pasatuta gero?
ganbaratxotik
ganbaratxotik dio:
2015/11/11 21:30
Eta zenbat dira erabakitzeko eskubidearen aldekoak orain?
Zenbat ziren katalunian independentziaren aldekoak orain 5 urte?
Espaniako Estatua sendoago dago orain duela 5 urte baino?
Nora begira daude euskal herritarron ordezkari abertzaleak katalanek atea zabaltzen saiatzen ari diren bitartean?
Nola zan abestia:" zuk bultza handikan nik hemendikan....", nola jarraitzen du Amatiño?
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: