Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Israelgo armada hiritarren konfiantza galtzen ari

Israelgo armada hiritarren konfiantza galtzen ari

Amatiño 2024/07/17 23:15
Konfiantza maldan behera. Israelen gero eta gehiago dira Netanyahuren gobernuak hartzen diharduen gerrarekiko erabakiak ez direla onenak uste dutenak, eta betidanik zelatan egiten jakin izan duen armada arranditsua ez dela asmatzen ari.

Ni ez naiz inoiz izan gerratan egon zitekeen ezein Herrialdetan, baina Belfasten zein Jerusalemen egokitu izan zait soldaduak kalez kale poliziarenak egiten, bertatik bertara ikusi ahal izatea. Ipar Irlandan, lekuz kanpo zegoen armada britainiarraren soldaduak, eta Israelen, berriz, Estatu hebraieraren bermetzat duten bertako gudaroestearenak. Irlandan, etxe-kantoietan kokatutako tanketatzarren aldamenean; eta Israelen, ostera, lineako autobus urbanoetan, gainontzeko hiritarren ordutegi eta geltoki bertsuetan, eta aparteko eserlekurik gabe, nahiz fusila bizkarrean zutela sartu beharra izan.

Irlandan ez zen erabateko bakerik izan Indar Armatu Britainiarrek alde (1) egin arte, baina Israelgo gudarostea Estatu juduaren beraren funtsezko erakundea da, gizarte-itzal, onespen eta erantzukizun handikoa. Ez soilik hemezortzi (2) urtetik gorakook derrigorrez parte hartu behar izaten dutelako, baita ere nazio israeldarrak aho batez sinesten duelako Estatuaren etorkizuna segurta dezakeen hil ala biziko zutaberik nagusienetakoa armada dela.

Hala ere, nahiz sortze beretik Israelgo gudarosteak hiritarren abegirik seguruena izan, ez du nonbait azken bolada honetan unerik onena bizi. Benjamin Netanyahu lehen ministroaren ikuspegi politikoari muzin egiteaz gainera, gero eta gehiago dira euren armadarekiko konfiantza galtzen ari diren herritarrak.

Batetik, nabarmen ugari badira ere azken 10 hilabeteotan Gazako Zerrendan (3)  egindako eraso oldarra nekez onar dezaketen israeldarrak, askoz ere gehiago dira gero, batere ulertzen ez dutenak nola arraio hainbat suntsiketa bortitzen ondotik Israel ez den oraindik gauza izan Hamasen milizianoak garaitzeko, ez eta urriko erasoan harrapatutako 84 bahitu askatzeko ere.

Are larriago kontuan izanik, 10 hilabete geroago armadak aitortu behar izan duela iazko urriaren 7an Hamasek egindako erasoaren aurka abian jarritako defentsa-neurriak erabateko porrota izan zirela, Hamasen erasoak ezustean, jokoz kanpo eta noraezean harrapatu baitzuen armada israeldarra. Alegia, munduko informaziorik onenetakoaren jabe omen den sistemak ez zuela, gertatu arte, batere sumatu erasoaldia jazo zitekeenik ere. Beste modu batez esanda, bere burua munduko prestatuenekotzat jotzen duen gudaroste israeldarrak bere defentsa-lana ganoraz bete izan balu, ez zirela egun hartan milatik gora lagun hilgo eta historiak ez zukeela sekula ezagutuko ondoren Gazako gerratean izan diren 40.000 hildako.

Eta hau guztia gutxi balitz, batere une egokian plazaratu da Golda (4) filma (5), non azaltzen diren Yom Kippurreko Gerraren zertzeladak eta, besteak beste, 50 urte geroago aditzera ematen den, 1973ko udazken hartan Egiptoko eta Siriako gudalosteak aldi berean sartu zirenean Sinai penintsulan zein Golango gainetan barrena, Israelen zorioneko informazio-zerbitzuek ez zutela azken une arte erasoaren berri jakin. Eta ez etsaiaren mugimenduen berri jakitzeko entzute-sistema berezirik ez zutelako, baizik-eta hartarako apropos jarritako programa sofistikatua amatatua --isiotzeke!-- zegoelako eraso egunean.

Jakinekoa da,   egoera zeharo aldatu zela gero, besteak beste Anuar Sadat presidente egiptoarrak, edozein estrategia militarrek aholka lezakeen zuhurtziari jaramonik egin barik,  Israel menderatzeko grina lasterra -lasterregia-- lehenetsi zuelako. Alegia, Suez kanalaren ekialdeko lurraldeak behingoz garaitu beharraren beharrez, mendebaldekoak babesgabetu zituen eta, konturatu orduko, ezustean, Israelgo armada Kairotik 110 kilometroraino heldu zen aurrekoz atzera. Gaur egun bada uste duenik, Sadat politiko harroaren behar baino lehenago "historia egin nahia" izan ez balitz, armada egiptoarra Israelgo sukalderaino sartuko zatekeela, eta Israelgo Estatuaren biziraupena arriskutan jarri.

Konfiantzarik eza da, mesfidantza gutxienez.  Aurrekari horiekin, Israelen gero eta gehiago dira uste dutenak Netanyahuk hartzen diharduen gerrarekiko erabakiak ez direla onenak eta betidanik zelatan egiten jakin izan duen armada arranditsua ez dela asmatzen ari.

1) Banner Oparazioaz, Indar Armatu Britainiarrak 1969an sartu ziren Ipar Irlandan eta 2007ko uztailaren 31an. alde egin.

2) Orain arte 32 hilabeteko soldadutza baina, hemendik aurrera, Gazako gatazka dela-eta, 36 hilabetekoa izango da gizonezkoen kasuan. Emakumeek urtebete gutxiago. 

3) Gazako Zerrendak 360 km2 ditu.  Deba Goienak 348 km2.

4) Golda Meir

5) Filmak kontakizunetik beste du dokumentaziotik, zenbait pasartetan astuntxo eta nahas samar suertatu arren. Eta jakina, ezin berdin izan ordurako (1973) seme-alabak genituenontzat edo 1970eko hamarkadatik aurrera jaiotakoentzat. Dena dela, Golda Meir (erreginez aparte, sekula munduan izan den hirugarren agintari emakumea) ahaztu ez dugunontzat, Helen Mirrenen interpretazioa gogoangarria da.

.

Golda Meir eta Helen Mirren
Ezkerrean, Helen Mirren (Londres, 1945) aktorea, Golda Meirenak egiten GOLDA filmean (2023). Eskuinean, Golda Meir (Kiev, 1898 - Jerusalem 1978) lehen ministroa, adin beretsukoa zela.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: