Israelek barne-urakana behar du
Israelek parte hartuko du, maiatzean Suedian eratuko den Eurovision Abesti Lehiaketan, nahiz horretarako bi aldiz kantaz aldatu behar izan. Hainbatek besterik eskatu arren, antolatzaileek hasieratik jakinerazi zuten ez zitzaiola Israeli parte hartzerik eragotziko, baina bai, ordea, “kanta politikoak” debekatuko. Aurrenik ez zitzaion “Urriko euria” kanta onartu, ezta, gero, “Dantza betirako” bigarrena ere; bai, ordea, hirugarrena, “Urakana”.
Izan ere, nahiz Israelgo telebistak antolatzaileen zentsura onartezintzat jo eta ez zuela parte hartuko mehatxu egin, Isaac Herzog presidente israeldarra amore ematearen alde azaldu zen: “Une honetan garrantzizkoa da Israel Eurovisioan agertzea, etsaiak baitaude nonahitik bidali nahi gaituztenak”. Berrogeita hamar urte daramatza Israelek UER/EBUren kanta-jaialdian parte hartzen eta ez du inoiz horrelakorik aitortu beharrik izan.
Israelgo Estatuak sortze beretik izan du Mendebaldeko gizartearen begirunea. Atxikimendu horren sustraian, nabarmenago dira hainbat mendetako kultura-arrazoiak unean uneko irizpide politikoak baino. Arrazoi kultural eta erlijiosoak, tradizio kristau guztiak ados dira-eta, Jesus Judean jaiotako judu ona izan zela. Gabonetako “jaiotzak” gogoan hartu besterik ez dago.
Historiak, doktrinak eta eskolak ez ezik, zinemak ere nabarmen areagotu du prediku hori 150 inguru filmetan barrena. Hain zuzen, Nazareteko Jesus da zinemagintzan sarrien agertu izan den pertsonaia. “Ben-Hur” (1959) filmik ospetsuenetakoan, Ben-Hur protagonista bera judu abertzale gisa agertzen da, Erromari aurre egiten eta nor diren “onak” azpimarratzen.
Erromatarrek Jerusalem birrindu (70 K.o.) eta hemeretzi mendeko diasporaren ondotik, sionismoa sortu, bi mundu gerra gertatu, Holokaustoa jasan, NB/UN erakundeak Palestina bitan banatzeko erabakia hartu eta, etengabeko muga-istiluez zein barne-intifadez gainera, inguruko Estatu arabiarren aurka bospasei gerra izan (eta irabazi) ostean, ezin esan, Gaza suntsitu arte, Israelek kontrako giro itogarririk bizi behar izan duenik nazioartean. Alderantziz, bada “baimenduegia” Izan dela uste duenik.
Jakina, inguru anglosaxoian atxikimendua galdu dutela unibertsitate-giroan eratu ohi ziren israeldar eta palestinarren arteko eztabaida-foroek. Noski, gero eta gutxiago direla Jerusalemgo Bake Oihanean zuhaitza landatzeaz harrotzen diren turistak. Eta, esan beharrik ez, Euskal Herrian ez dutela egun Israelgo Ulpanek eta hizkuntza berreskuratzeko ereduek 1980ko hamarkadan izan zuten itzala. Baina, gerta ala gerta, zalantzarik ez, kontrako jarrerak eramangarri suertatu izan zaizkiola Israeli, azken sei hilabeteotan Gazan izandako triskantzak egin arte.
Ez, Lurralde Prometatuaren ikurra ez da aitzakia. Auschwitzen gomuta ez da desenkusa. Hamasek 1.400 lagun hil eta 240 bahitu izana ezin da zuribide izan. Israelek marra gorria gainditu du eta nazioarteko kanta-jaialdi soil batek etorri behar izan du, Isaac Herzog presidente laboristak aitor dezan une honetan inoiz baino garrantzitsuagoa dela Israel Eurovisioan agertzea, “etsaiak baitaude nonahitik bidali nahi gaituztenak”.
Herzog ez da Netanyahu. Esaldi horrekin Israelgo presidenteak aditzera eman du non datzan Israelen ahuleziarik nagusienetakoa, eta munduari iradoki dio zerk egingo liokeen Israeli minik larriena. Alegia: nonahitik bidali eta bakardadean bere kasa utzi.
Hamasen erasoaren ondotik, Herzog berak erruduntzat jo zuen Gazako biztanleria guztia: “Nazio osoa da erantzulea. Ez da egia zibilak ez direla jabetzen eta ez dutela parte hartzen. Altxa zitezkeen. Gazaz estatu-kolpeaz jabetu zen erregimen gaiztoaren aurka borroka egin zezaketen”. Segurutik arrazoi zuen presidenteak. Kontua da, ordea, ez ote den Israelgo zibilei ere beste horrenbeste esateko ordua.
Ez da aski Suediara joan eta Eden Golanek “Urakana” kantatzea. Israelek barne-erauntsia behar du. Eta ez Malmöko eszenategian, Knéseten hemizikloan baizik.