Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iruzurra amortizatu gurarik

Iruzurra amortizatu gurarik

Amatiño 2012/03/10 22:00
“… telesail ugariren intertestualitateak zerbait aldatu dela iradokitzen digu. Ez kontagintzaren historian, medioaren historian baizik. Telebistak literaturari eta zinemari zegozkion baliabideak hartu ditu eta helburu jakin batzuen zerbitzura jarri. Hain era ederrean! (Mikel Soto. Txalaparta, 2011)

Txalaparta argitaletxearen editorea da Mikel Soto. Eta TELEZAILAK. Nork esan zuen telebistak tontotu egiten duela? liburuaren hitzaurrean zera dio: “Nire ustez, lau aukera daude zuk liburu hau eskuartean izan dezazun. Baga, kazetaria zara eta argitaletxeak –ergo, nik— promozio gisa bidali dizu. Biga, beste liburu baten bila joan eta, kontsumoaren bitxikeriak, hau eskuartean duzula amaitu duzu. Higa, euskal letren militantea zara eta sei idazle ezagun ikusita, erostea deliberatu duzu. Laga, proiektu honetan parte hartu dugunok bezalako frikia zara eta horrexegatik erosi duzu edo oparitu dizute”.

Ez ba, ezta bat bera ere gero. Baga, ni kazetaria naiz baina Mikel Sotok berak inork baino hobeto daki ez didala promozio gisa sekula alerik bidali. Biga, ni ez nintzen beste libururen baten bila joan eta, ustekabean, honekin atera. Higa, ni ez naiz euskal letren militantea  eta, hain zuzen, sei idazleetatik hiru baino ez nituen ezagutzen. Eta laga, friki talde hori elkartarazi dituen arrazoia telesail-zaletasuna baldin bada, ni ez naute taldekide.

Horretara, zer dela-eta joan ote nintzen ni, zuzen-zuzenean, dendara, liburua erostera? Batetik, hartaz ohar soila nonbait irakurri eta haren berri nuelako. Eta, bestetik, Nork esan zuen telebistak tontotu egiten duela? delako azpitituluak engainatu ostean, telebistaz dezente gehiago  arituko zelakoan erosi nuelako. Liburua irakurriz jakin dut, ordea, titulua iruzur samarra dela eta Mikel Soto l'enfant terribleak ez duela telebistarik ere.

Gertatua gertatu, nik 16,5 € xahutu ditut bestela inondik ere irakurriko ez nuen liburua erosten eta, behin gastua eginez gero, honelatsu ezarriko nuke nolabaiteko amortizazioa:

-- Euro erdi, Maria Fernandez-Cabreroren glosategiarentzat.

-- Euro bana, Katixa Agirre, Xabier Mendiguren Elizegi, Koldo Almandoz, Goizalde Landabaso, Irati Jimenez eta Harkaitz Cano idazleentzat, egindako sei ekarpenengatik. Eta, hauturen bat egitekotan, accesit berezia Irati Jimenezi, orgasmorik gabeko hamarkada luzea dela-eta.

-- Bost euroko bi, berriz, Mikel Sotori berari. Lehen bostekoa, euskal literaturari batere premiarik gabe (hariak eskatzeke, alegia) emandako astinduarengatik. Eta bigarren bostekoa honako hiru ideia hauengatik:

1. Telesail ugariren intertestualitateak zerbait aldatu dela iradokitzen digu. Ez kontagintzaren historian, medioaren historian baizik. Telebistak literaturari eta zinemari zegozkion baliabideak hartu ditu eta helburu jakin batzuen zerbitzura jarri. Hain era ederrean!

2. Ikusleak inoiz ez daude erratuta. Ikusleen artean egon liteke lerdoren bat edo beste. Baina jarri ehunka lerdo elkarrekin ilunetan, eta kritikari jenial bihurtzen dira (Billy Wilder).

3. Nik uste dut euskal letren eraberritzea, gertatzekotan, ez dela gertatuko formato berriengatik edo puntako teknologiengatik, baizik eta pentsamenduagatik.

Berririk, ezer gutxi. Duela bizpahiru hamarkadako ideiak, besteak beste. Baina, edozein modutan, komenigarri ere bada lantzean behin gazte jendea berri zaharraz jabetzea.

Fade to noir. Alegia: Hits beltzera.

Telezailak

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: