Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Irulegiko mezua izan daiteke euskara zaharrean idatzitako azkenetakoa

Irulegiko mezua izan daiteke euskara zaharrean idatzitako azkenetakoa

Amatiño 2023/08/01 21:15
“Ikerketek behar izango dute isilpean jarraitu orain arteko kezkak eta ilununeak argitzeko baina, behar bada, daitekeena da Irulegiko Eskuko izkribua euskara zaharrean idatzitako azkenetakoa izatea”, adierazi du Javier Velaza (Castejón, 1963) katedradunak, Uxueko Uda Ikastaroen baitan.

“Escritura, lengua y pueblos en la Navarra antigua” izenburupean, Irulegiko Eskuaz mintzatu zen aurreko asteburuan, Uxuen, Javier Velaza Latindar Filologiako katedraduna, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Jakiundek elkarrekin antolatutako Uda Ikastaroetan.

Hasteko, Estrabon, Plinio, Livio eta beste hainbat klasikoren iturriak aipatuz, antzinako nafar lurraldearen nondik norakoa mugatu zuen Bartzelonako Unibertsitatearen dekanoak. Alegia, itsasbazterreko Oiassotik (Irun), egungo Zaragoza atariko Alauonaraino (Alagón); eta Andelostik (Mendigorria) zein Calagurrisetik (Calahorra/Kalagorri) Iaccaraino (Jaka), Pompelo (Iruñea), Iturissa (Auritz-Burguete), Cara (Santacara), Tarraga (Sádaba/Uncastillo), Segia (Ejea de Los Caballeros), Cascantum (Cascante) eta beste hainbat hiri handi samar tarteko.

Velazak aditzera eman zuenez, erromatarren aurreko laupabost epigrafia jakineko ziren arren iberiar penintsulan zehar, ez da, ordea, Pirinioen barreneko idazmolde berezirik ezagutzen, nahiz, zenbait txanponetan, bascunes (edo barskunes)  jatorria eta Segia (Sekia) hiria aipatu; edota toponimian, onomastikan eta teonimian (Uxueko bertako Lacubegi jainkoa, hain zuzen) bestelako hizkuntzaren aztarrenik ez falta izan.

Irulegiko Eskua 2021eko ekainean agertu izanak ez omen zuen Javier Velaza aditua askorik harritu, ordurako –nahiz publiko egin ez— aurkituak baitziren itxura bereko pare bat lagin txiker; ez eta --brontzezko xafla garbitu ostean-- sei hilabete geroago agertutako inskripzioak zabaltzen zituen aukerabideek lar asaldatu ere. Nonbait, hamalau urte lehenago Velazak berak agirietan jaso omen zuen nolabaiteko susmoa, zeinean aurreratzen zuen gerta zitekeela baskoiek iberiar edo zeltiberiar epigrafiak baliatzea, ez iberiar eta ez zeltiberiar ez zen euren hizkuntza moldatzeko eta idazteko, hain zuzen.

Hitzaldiaren azken burutapenetan Velaza katedradunak Uxuen barrundatu zuenez, ikerketek behar izango omen dute isilpean jarraitu orain arteko kezkak argitzeko baina, behar bada, daitekeena bide da Irulegiko Eskuan agertzen den mezua ez izatea lehen izkribu “vasconikoa”, euskara zaharrean idatzitako azkenetakoa baizik, ondoko garaiek ordu arteko asimilizazioa areagotu baino ez zuten-eta egin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: