Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Irratiaren nagusitasuna 1983ko uholdeetan

Irratiaren nagusitasuna 1983ko uholdeetan

Amatiño 2008/08/26 18:07
Hogeita bost urte joan dira 1983ko abuztuaren 26an sekulako uholdeak izan zirenetik hona. Komunikabide guztiek nahi izan dute orduko gertakariak gogoratu baina, behar bada, inork ez du zehaz-mehatz esan egoera hartan irratia izan zela nagusi eta telebista, berriz, galtzaile.

Argia joan, telefonoak moztu eta errepideak itxiez gero ezer gutxik funtzionatzen du gure gizarte ahalguztidun honetan baina are gutxiago telebista eta, zer esanik ez gero, 1983an.

Euskal Irrati Telebistari dagokionez, haur jaio berriak ziren bata zein bestea, baina irratiak, arin eta malgu asko, nola hala informazioari eusterik lortu ahal izan zuen artean, telebista astun eta geldoak  lokatzetan murgildutako elefantetzarrarenak egin zuen, noraezean geratu, ez aida eta ez ixo. Gainera, ordurako irratia pilen jabe zen eta telebista, aldiz, ezta oraindik ere.

Eusko Irratiak frogatu zuen egoera txarretan arina izateak zenbat balio duen eta tokian tokiko ahots soila grabatzea eta estudioetara bidaltzea zein erraza den. Telebista-kamerak, ordea, nekez heldu ziren urak hartutako lekuetara eta are nekezago, berriz, irudiak bildu eta berriro ere Iurretara denboraz itzuli. Irratiak entzuleekiko harremanak eta zerbitzu publikoa eskaini ahal izan zuen. Telebistak nahiko zeregin izan zuen bere burua itolarritik ateratzen.

Gainera, uholdeek ere frogatu zuten oinarrizko azpiegiturak eta lojistikak zein garrantzi handia duten hondamendi zorian. Euskadi Irratiak, Bilboko Gran Vian kokatua eta Eusko Jaurlaritzaren eraikin ofizialaren baitan, uneoro izan zuen sistema autonomoak eragindako argindarra zein Barne Sailaren informazio zuzena. Euskal Telebistak, aldiz, urez inguratutako Iurretako egoitzan sartu-irten ezinik, irudi eta komunikazio urriko telebista zein petrala den erakutsi zuen.

Honek ez du esangura, ordea, gaur antzerako uholderik balitz ETBk beste hainbeste egingo lukeenik. Batetik, dilubio unibertsala beharko luke, egun ETB dagoen mailaraino urak heldu zitezen; eta, bestetik, mikrouhinei esker orain ez dago, orduan bezala, han-hemenkako grabazioak errepidez-errepide eraman beharrik. Nolabait esateko, Euskal Telebistak ere bere wifi partikularra du.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: