Iratxeta: harrizko herria
Ez da batere ohikoa erromaniko zibila Euskal Herrian. Are gutxiago Nafarroaz* kanpo. Bizpahiru lagin adierazgarrik diraute Orbaibarreko Iratxetan.
Lehen eta behingoz, azpimarragarri bertako garaia**, XI. edo XII. mendekoa. Bada antzinakoagoa zan zitekeela dioenik, prerromanikoa alegia, asturiar erregeek Nafarroako infanteekin ezkondu ohi ziren denboretakoa, baina dekorazio-elementurik ezak ez omen du ezer zehazteko egokiera askorik ematen. Dena dela, zer gerta ere, ezagutzen den garairik antzinakoena da. Sasoi bertsukoa edo, nonbait, aurrez aurre dagoen putzua. Aukeran zer ote putzua? Erlijiosoa ala zibila?
Erromanikoa ere, Iratxetara heldu aurretik, 700 metro inguru lehenago, bide-bazterrean (bidepean) dagoen zubia. Oraindik orain, arte-weborriren batean gainbehera dagoela adierazi*** arren, geroztik, antza, sekulako eraberritze-lana egin du Príncipe de Viana erakundeak, honezkero mila urte inguruko zubi txikia “zahar, sendo, zindo” agertzen baita, batere urik gabeko ubide gainean.
Iratxetako plazan ez da erromaniko zibilik baina –bailitzan-- merezi du bertaratzea. Esan gabe doa, San Esteban eliza ez dela zibila, erlijiosoa baino; eta frontoia, Harri Arokoa iruditu arren, zatia oraintsukoagoa dela. Baina, estilo eta garai guztien gainetik, biek elkarrekin ematen duten harrizko herriaren irudia benetan serioa da, seriorik bada.
---oo0oo---
* - Aipagarri ere, Garesko (Arga) eta Arre zein Irotzeko (biak Ultzama ibaian) zubiak.
** - Garaia: Lau (edo gehiago) haberen gainean eta etxetik bereiz egiten den aletegia.
*** - "hay que apresurarse a verlo, porque el aspecto es de estar abandonado a su suerte y en vías de desaparición.."