Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Irati: amodio-istorioa

Irati: amodio-istorioa

Amatiño 2023/02/28 07:00
Bada dioenik –arrazoiz, nik uste—“Irati” filmak askotxo duela fantasia, mitologia, epika, sorginkeria, munstro, mamu, izu, bortxa odoltsu, ezpata zorrotz eta Erdi Aroko epopeietatik. Baina, aurreko larunbateko estreinaldi komertzialean Paul Urkijo hunkitu batek jendaurrean harro asko aldarrikatu zuenez: “amodio-historia bat da!”

Aitortu behar dut nik ez dudala fantasia edo mitologia-generoa gustuko. Funtsean, gaztetxoentzako aproposagoa iruditzen zait, nahiz gero gaztetxoek ikusi ez. Istorioa Esloveniako basoetan eta VIII. mendeko eslaviera zaharrez-edo gertatu izan balitz, nik ez nuen sekula ikusi izango. Baina, betiko baina, filma kilometro zerokoa da bete-betean, eraz eta moldez, taxuz eta zentzuz, jatorriz eta helburuz.

Kontuan izan behar, gainera, orain hurrengoko Goya sarien epaimahaiak Urkijorenik gogoan hartu ez zuen arren, kritika adituak dezente ondo ikusi duela filma. Baita aurrenengo egunetan atzeman nahi izan zuen jendetzak (1) ere, inoiz ez bezala han-hemenka erruz zabaldutako afixen eraginez, besteak beste.

Dena den, generoa gustuko izan edo ez, zinema-kritika zinema-kritikariei lagata, nabarmen samarra da "Irati"k azpimarratu beharreko hainbat zertzelada berezi eskaintzen digula, alegia:

1. Euskal mitologiaren bibliari “izenak du izana” leloa darion bezalaxe, egia ere badela, “ezina, ekina, egina” esaera zaharra ez dela gurean batere arrotza eta, honetan guztian, Paul Urkijori zor zaiola merezimendu eskergarik. Bejondeiola!

Conan el Barbaro
Conan el Bárbaro --Marcus Nispel, 2011--

2. Fantasiaren larrainean eta mitologiaren ildotik, badela iraganaz bezainbat etorkizunaz ere amets egiterik, jatorriaz eta izaeraz, oinarrizko giza-balioez eta adiskidetasunaz, naturaz eta ingurumenaz, iraunkortasunaz zein emakumearen energia animistaz eta beronen protagonismoaz.

3. Aitzitik, ostera, ama lurrak, lur amak eta erreka-laminak nahiko ez direlakoan, auskalo ez ote den lartxo suertatzen horrenbeste basajaun, basa-mamu, tartalo, sugaar eta enparau, antologia-eskukada berean biltzea. Esaidazu zertaz zaren harro, eta esango dizut zer duzun sobera... edo urri.

4. Filmak frogatzen du, azkenik, euskararen aldeko erronkarik zailenak ere ez duela ezinik –nahiz VIII. mendeko euskal giza-taldea islatu behar izan-- hautu egoki eta orekatuak baliatuz gero, beti ere, kalitatearen eta ulermenaren mesedetan. (2)

Bai. Irati amodiozko istorioa da. Baina ez Irati (Edurne Azkarate) eta Enekoren (Eneko Sagardoy) arteko ezinezko amodioaz soilik, baita Paul Urkijoren gaztetxotako euskal mitologia, fantasia nahiz ipuin magikoekiko zaletasunaz eta maitasunaz ere (3).

(1)  Estreinu-egunetan ikusentzulerik gehien  lortu duen  inoizko euskarazko filma.

(2) “Errementari” (Paul Urkijo, 2018) filma XIX. mendean gertatu arren, nago “Irati”n aditzera eman nahi den mila urte lehenagoko euskara "arkaikoa" (klasikoa?) ez dela Patxi errementariarena baino ilunagoa, eta bai, ordea, jantziago, osotuago, aproposago eta lirikoagoa. Gorka Lazkanok badu zer esanik. 

(3) Ugari dira, genero gisa, "Irati" ekoizpena eta "Conan el Bárbaro" (John Milius, 1982) film-sorta elkarrekin lotu dutenak. Hala ere, kartelaren estiloak, behintzat, nabarmen hurbilago du Marcus Nispelen 2011ko bertsioa 1982koa baino. 

Irati, lamia
Ahate-oinak dituzten laminak...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: