Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ekonomia-egitura osoa aldatu beharra

Ekonomia-egitura osoa aldatu beharra

Amatiño 2012/02/06 23:00
Espainia da, nabarmen asko gero, Europa guztian zehar langabeziarik handiena duen Estatua. Eta Espainiaren lanik eza ez da ziklikoa, lantzean behingo krisialdiei dariena alegia, oinarrizko ekonomia-egiturari berari datxekiona baino. Hau da, dugun ekonomia-sistema aldatzen ez baldin badugu ez dugu egoerarik aldatuko. Eta orain artekoa egiten jarraituz gero, orain arteko emaitza berberak jasotzen jarraituko dugu.

Inguratzen gaituen egoera larria dela-eta, zenbaitek pentsa lezake Europa maldan behera doala. Eta, seguru gero, Europak garai hoberik ezagutu izan duela orain hurrengo. Baina Europa da %4,1eko paroa duen Austria, eta Europa ere bada %31koa duen Andaluzia. Non da arazoa? Austriarrak andaluziarrak baino argiagoak al dira?

Europan denetarik dago. Herbeheretan, Norvegian eta Austrian %5 baino txikiagoa da lanik eza. Aldi berean, %5-10 bitartean daude eredugarri bide ditugun Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia; %10-15 bitartean, berriz, --Hego Euskal Herriarekin batera--, sarri gutxiagotzat jotzen ditugun  Bulgaria, Eslovakia, Irlanda, Hungaria eta Letonia modukoak. Eta Espainiaren batez bestekoa, ostera, %15-20 arteko laugarren geldo-tropelean ez ezik, %20tik gorako azken muturraren puntaren punta lotsagarrian.

Datu ekonomiko hutsak alde batera utzita, hona  World Economic Forum-aren arabera Espainiaren postua munduko zerrendan, ondoko hamar esparruotan:

Negozio-eskolak: 6.
Teknologia prestakuntza: 28.
Goiz mailako hezkuntza eta irakaskuntza: 32.
Berrikuntza-ahalmena: 36.
Zuzendaritza-kalitatea: 45.
Inbertsioa Berrikuntza+Garapenaz: 47.
Finantza-sektorearen kaudimena: 73.
Lehen mailako irakaskuntzaren kalitatea: 93.
Bigarren mailako irakaskuntzaren kalitatea: 98.
Lan-merkatua: 119.

 

Auskalo lehen bost esparruen postuak nahi eta komeni bezain onerako ote diren baina, zer gerta ere, azken bostek behintzat garbi asko aditzera ematen dute gure inguruko ahuleriak non diren.

Duela hirurogei urte luze Marcelo Gangoiti abade mungiarrak esan zuen esan gizarteak aurrera egingo bazuen behar beharrezko zela, besteak beste, hezkuntza aldaketaren oinarritzat jo, irakaskuntza lan-merkatuaren premietara egokitu, lanaren zein giza-kapitalaren balioa suspertu, diru-ezarpenak egin eta eragin, komunikabide lehiakorren estrategia sustatu, mundura atera...  Zenbaitek esango du osoa klasikoa zela. Behar bada bai, baina ni beldur naiz ez ote gaituen zenbaiten modernitateak amildegira eramango.

Hain zuzen, bide batez baino ez bada ere, norvegiarrak, austriarrak eta herbeheretarrak zer dira, modernoak ala klasikoak?

Interanual PIB

Azken hamabost urteotako gorabeherak Espainian

Jaime
Jaime dio:
2012/02/07 18:31

Datu guzti hauek ikusita gero, begi bistan da España Euskalerriaren lepotik zintzilikatzen den errota-harri ikaragarria dela. Deskuidatzen bagara hondora joateko txartel guztiak ditugu zozketa honetan. Behar bada, ataka gaizto honetatik ateratzeko Euskalerria Españatik bereiztea, behin betirako, izango litzateke. Baina nola?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: