Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iraganaren kontakizun… ala etorkizunaren iragarpen ote?

Iraganaren kontakizun… ala etorkizunaren iragarpen ote?

Amatiño 2023/02/04 10:45
DIPC*, Euskadiko Filmategia eta Donostiako Zinemaldiaren eraginpeko Zinema eta Zientzia zikloaren baitan, Artium (Gasteiz), Tabakalera (Donostia), Bizkaia Aretoa (Bilbo) eta Golem Zinemak (Iruñea) aretoetan dugu egunotan “La herencia del viento” (1960) filma, zeinetan jokatzen den zientziaren eta sasi-zientziaren arteko eztabaida klasikoa. Hala ere… Iraganaren kontakizuna ala etorkizunaren iragarpena ote?

Stanley Kramer** zuzendari handiaren ekoizpen ospetsu honek biltzen du 1925ean Tennesseen izandako auzia, non Estatuak epaitu zuen Dayton herri txikiko eskola-maisua (John Scopes), bere ikasleei Darwinen espezien eboluzioaren teoria irakasteagatik, Bibliaren kreazionismoari amore eman beharrean Butler legeak agintzen zuenez.

Harako epaiketak duela ehun urteko gizarte kontserbadorearen hautsak harrotu zituen Estatu Batuetan, eta beste horrenbeste edo gehiago, 1960ko filmak, McCarthysmoaren hondarrean, Henry Drummond (Spencer Tracy) defentsa-abokatuaren eta Matthew Brady (Fredric March) fiskalaren arteko irizpide eta arrazoiak bitarteko.

Iritzi kontrajarriak, zientzia eta froga enpirikoak vs. fedea eta ustezko sinesmenak, eboluzioaren nondik norakoa (tximinoak arbasotzat onetsi ala ez), hezkuntza publikoaren zein irakaskuntza askearen oinarriak eta elkarkidetzaren mugarteak. Garai hartako iragarkiak zoli eta ozen adierazi bezala: “the fabulous monkey trial that rocked America!” (Estatu Batuak astindu zituen alegiazko tximino-epaiketa).

Filman zehar, defentsaren eta fiskalaren arrazoibideek, bakoitzaren argudio biziek eta euren arteko eztabaida zinematografikoak ez dute aitzakiarik, Ipar Ameriketako epaiketa-molde eta estilo puri-purian. Hala ere, funtsean, filmaren esangura sakonean ez daude darwinismoa ala kreazionismoarekiko jarrera, erlijioaren eta zientziaren eztabaida, edota kontserbadoreen eta aurrerakoien arteko dema, edozein gizarteren bizikidetzak, aurrera egingo badu, beharrezko duen elkar-tolerantziaren aldarria baizik.

Izan ere, filmaren erdia baino gehiago gertatzen da epaiketa hasi aurreko herri-giroan, non dogmatismoa eta fanatismoa nagusi nabarmentzen diren. Hain zuzen, filmaren izenburua Itun Zaharreko esaeran oinarritzen da: “bere etxea nahasten duenak haizea heredatuko du” (inherit the wind).

Filmak publikoaren zein kritikaren onespena izan zuen, Oscar sarietarako laupabost nominazio jaso eta, Berlingo Zinemaldian (1960), ikusentzule gazteek hautatu ohi duten Zilarrezko Artza irabazi.

Garai hartako zinema-munduak esan zuen, Krameren filma zientziaren aldeko urraspide garrantzitsua jorratzera zetorrela eta iraganaren sasi-iritziak gainditzera. Hirurogei urte geroago bada uste duenik, ordea, pelikulak ez ote zuen egin etorkizuneko sasi-zientzia, ezjakintasuna eta tolerantziarik eza aldez aurretik iragarri besterik. Negazionismoa jarrera gisa salatu, alegia, kontzeptua bera formulatua izan aitzin. 

* Donostia International Physics Center. UPV/EHUeko Conchi de la Rua eta Montse Hervella irakasleen aurkezpen eta ondo elkarrizketaz.

* 1950 eta 1960 hamarkadetan zinemagilerik handienetakoa. Hamabosten bat filmen zuzendari eta 30 ingururen ekoizle. Historia egin duten zenbait titulu aipatzekotan: Solo ante el peligro (1952), El motín del Caine (1954), No serás un extraño (1955), Orgullo y pasión (1957), Fugitivos (1958), ¿Vencedores o vencidos? (1961), Adivina quién viene esta noche (1967) etab.

Spencer Tracy
Defentsa-abokatua (Spencer Tracy) eta fiskala (Fredic March), epaiketan zehar.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: