Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iragan eta etorkizun loriatsuak

Iragan eta etorkizun loriatsuak

Amatiño 2011/07/04 12:05
Onerako zein txarrerako, findegiak ez dira iragana, etorkizuna baino, petrolioak dirauen artean behintzat. Eta petrolioak zenbat iraungo ote? Auskalo, ezin jakin zenbat hamarkada gehiago iraungo duen, baina seguru gero "Vaya Semanita" programak baino dezente gehiago iraungo duela eta, martxa honetan, zoritxarrez, baita ETBk baino nabarmen gehiago ere.
ETB2ren Vaya Semanita programaren eraginez antolatu berria da Las 7 maravillas de Euskal Herria deitu lehiaketa non, laugarren, Petronorren findegia atera den eta Andoni Agirregomezkortaren zuzendaritzapeko taldeak ''monumento al glorioso pasado industrial de Bizkaia'' bataiatu duen.
 

Internetez bildutako iritzien arabera, honako hauek omen dira Euskal Herriko zazpi mirariak, garrantzitsuenetik garrantzitsuenera: 1- Bilboko Termibus bainuak. 2-Durangoko papertegia. 3- Zornotzako “patata”. 4- Muskizko Petronor findegia. 5- Bilboko Sabino Arana kalean zeharreko  sarrera. 6- Gasteizko “La mirada” eskultura. 7- Barakaldoko Udaletxea. 

Zalantzarik gabe umorezko lehiaketa da, zeharo bizkaitarra (bistan da gipuzkoarrek eta nafarrek ez dutela lar parte hartu), funtsean batere garrantzirik ez duena eta, horretara, kontuan hartzerik ere merezi ez duena. Hala ere, lehiaketa bera ganorabakoa den arren, zer pentsa eman didate aukerak adierazteko programak berak emandako azalpenek. Izan ere, Petronorren kasuan, Muskizko findegia Euskal Herriko zazpi mirarietakotzat jo omen da ''monumento al glorioso pasado industrial de Bizkaia'' delakoan.

Bistan da hori esan duenak ezer gutxi dakiela euskal historiaz zein euskal industriaz eta segurutik uste duela findegiak zaharkituak diren artean telebista oso jarduera modernoa dela eta, gainera, etorkizun handikoa. Baina, Vaya Semanita-ren gidoilariek besterik uste arren, Muskizko findegiak ez du zer ikusirik Bizkaiko iragan industrial loriatsuarekin eta ez da ETB bera baino askoz ere zaharragoa.

Izan ere, Petronorren findegia 1972an hasi zen lanean, Bizkaiko iragan industriala baino ehun urte geroago eta, beraz, berrogei urte beteko ditu datorren urtean, ETBk baino hamar urte gehiago besterik ez. Auskalo ETBrentzat Petronor zaharra ote den, baina ez ETB zahartzen --alferrik galtzen-- ari den neurrian baino gehiago.

Gainera, Petronorrek ez dio zorrik industriari, auto-trafikoari baino. Ez da euskal industria Petronorren ekoizpenen eskalerik handiena, garraio-sektorea baizik. Petronor ez dago hor “besteek” gasolina kontsumitzen dutelako, “guk” kontsumitzen dugulako baino. Petronor da bostehun kilometroren bueltan dagoen findegirik bakarra eta, aukeran, hobe (ekonomiaz, lanpostuz, fiskalitatez, ingurumenez…) bertatik bertara ekoiztea eta kontsumitzea, Galiziatik, Kataluniatik edo Gaztela-Mantxatik ekartzen hastea baino.

Onerako zein txarrerako, findegiak ez dira iragana, etorkizuna baino, petrolioak dirauen artean behintzat. Eta petrolioak zenbat iraungo ote? Auskalo, ezin jakin zenbat hamarkada gehiago iraungo duen, baina seguru gero Vaya Semanita programak baino dezente gehiago iraungo duela eta, martxa honetan, zoritxarrez, baita ETBk baino nabarmen gehiago ere.

xme
xme dio:
2011/07/04 17:07

Irakurri duzu Pedro Prietori Argian egin dioten elkarrizketa?

Interesatuko zaizulakoan:

http://www.argia.com/multimedia/bideoa/pedro-prieto-ez-gara-itzuliko-krisiaren-aurreko-egoerara

Amatiño
Amatiño dio:
2011/07/04 18:35

Energiari buruzko eztabaida beti ere interesgarria da. Gai izugarri konplexua da. Arinkeriaz eta ardurarik ezaz konpontzerik ez dagoena, baina ezta dogmaz, aurreiritziz eta gurariz ere.

Etxean dudan 1964ko Salvat entziklopediak zera dio: "las reservas de petróleo conocidas sólo podrían asegurar la producción al ritmo actual durante 25 años". Pedro Prietok zera dio: "gaur egun orain dela 30 urte baino hogei aldiz gehiago kontsumitzen dugu". Baina, nola arraio egon gaitezke gaur egun orain dela 30 urte baino hogei aldiz gehiago kontsumitzen 1989an ahitua egon behar zuen produktua?

Pedro Prietok dio: "Ez gara itzuliko krisi honen aurreko egoerara". Nortzu gaude "gara" horretan? Euskaldunak? Espainiarrak? Greziarrak? Auskalo "gara" horrek balio ote duen honezkero alemaniarrentzat eta zalantzarik ez gero ez duela inoiz balio izan Brasil, Mexiko, Nigeria, Errusia, India, Malaysia edo Txinarentzat. Munduaren hazkundea ikaragarria da, nahiz eta gu mundu horretakoak ez "garen".

Ausarta dugu Pedro Prieto zenbait energia berriztagarriren berriztagarririk eza salatzen duena.

Eta arrazoi du aditzera ematen duenean, haurrek gozoki gehiegi jaten baldin badute ez dela beti gozoki-saltzailearen errua, gurasoena baino.

Bai, interesgarria.

txu
txu dio:
2011/07/05 17:46

Urteak baina urteak dira ez dudala programa hori ikusten. Egun batean nazka emon, hurrengoan gehiago eta hurrengoan beste edozer jarri hura baino lehenago. Ea noiz kentzen duten. Baina dagoena dagoela, hura kentzen badute seguru oraindik beste ezer txarragoa jarriko dutela. Non ematen dute pelikula amerikar bat?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: