Ipurtargiak antzokian
Gazteak ez omen dira gauza hainbat minutu gutxi telefonoari jaramonik egiteke egoteko. Edozein film, kontzertu edo antzerkitara joan besterik ez dago, ordea, helduen mugikorrarekiko menpekotasunaz jabetzeko. Hara zer jostailu berria aurkitu dugun!
Jarrera hau salatu zuen Josep María Pou aktoreak Valladoliden, non, taula gainean antzezten ziharduen bitartean, behin eta berriz, ikusentzuleen telefono-txirrinak ez zuen etenik. Halakoren batean, protagonistak antzezteari utzi, aretora begira aurrez aurre jarri eta bota zuen, serio asko: “Ala telefonoak ala gu. Denok ezin dugu aldi berean jarraitu!”
Josep María Pou aktore eta antzerki-zuzendari kataluniar ezagunak El padre* (Florian Zeller, 2012) antzeztu berri du Arriaga Antzokian, Errege egun osteko astean, eta Radio Euskadiko kazetaria aukeraz baliatu da, ikusentzuleriak telefono-txirrinei amain ematen jarraitzen ote duen ala ez galdetzeko. “Egia esan, gero eta gutxiago –erantzun dio Pouk--, nonbait jendeak ikasi du, azkenik, telefonoek badutela isilarazteko modurik. Orain, berriz, gehiago dira telefonoa mututu arren, erabat amatatzen oraindik ikasi ez dutenak”.
Pouk mikrofonoz esan duenez, gero eta gehiago omen dira, antzezlana jokatzen ari den bitartean, telefonoa eskutan hartu, guztiz itzali ez, eta, tarteka, erdi jolasean-edo, jardun ohi dutenak. “Belaun artean jarri, norberaren bularrera begira ipini, inork igartzen ez dielakoan, nahiz hori izan euren burua salatzeko erarik nabarmenena”.
Pouk adierazi bezala, “ez dakit zein neurritan sumatzen ote den bertatik bertara baina, agertokitik ikusita behintzat, antzokia argi txikiz betetzen da. Aktoreok betidanik ohitu izan gara argitan lan egiten, aurreko aretoa erabat beltza edo ilun-iluna delarik. Aspaldi honetan, ostera, eserlekuen aldea ipurtargiz betetzen zaigu erabat, eta aktoreen konzentrazioa nabarmen zailtzen”.
* The Father filma dela-eta, Anthony Hopkinsek "Aktorerik onenari" Oscar Saria (2020) irabazi zuen.