Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iparraldearen orenaren ordua

Iparraldearen orenaren ordua

Amatiño 2010/03/11 23:40
Ez dakit inork ahitutzat joko ote duen ala ez eguneroko “Iparraldearen orena” baina, erabakia erabaki, ez diot honako desio hau baino opa: hamazortzi urte barru bere motxilaren balantzea egiten duenean ni orain bezain harro sentitzeko arrazoirik izan dezala.

Prentsan irakurri ahal izan dugunez, Iparraldearen orena --astegunetan Iparraldetik eta Iparralderako ETB1k egiten duen albistegia— egunerokoa izatetik astekari izatera pasatzeko zorian edo omen dago. Nik neuk ez dakit hori horrela izango ote den eta, horrela balitz, ezta zeintzuk liratekeen argudioak ere. Gainera, ez dagokit neri jakitea, are gutxiago inori zer egin behar duen esatea. Jakina da zuzendaritzak zuzentzeko eta erabakiak hartzeko daudena eta, esan beharrik ere ez gero, gainontzekook ez ditugun datuak eta arrazoiak izan ohi dituztela. Horretara, asmatuko al dute!

Jakin badakit, ordea, 1992ko irailean programa hori antenan jartzea nere ekimen pertsonaletakoa izan zela eta, ia hogei urte geroago, norberak bere emaitzatxoen motxilan harro asko gordetzen dituen pitxietakotzat dudala oraindik ere Iparraldearen orena.

Bai, Iparraldearen orena. Izenburu arteza bezain deskribatzaile hutsa jarri genion –makinatxo bat aukera poetiko eta artistikoago baztertuz-- zein asmoz, zein orenetan eta zein ikuslegorentzat burutua zen hasiera beretik garbi ager zedin. Baita Maite Barnetxe izan zenaren gorazarre egin ere aurkezpen-egunean.

Hainbat gauza nabarmen aldatu dira geroztik. Urteak joan eta urteak etorri, giroak, modak, ideiak, gustuak zein sortze-lanak etenik gabe ari zaizkigu aldatzen eta, ezin bestean, programa batzuk joan badoaz eta beste batzuk etorri datoz. Hala behar du gainera. Izan ere,  oso oker ez banago behintzat, nik bertatik bertara ezagutu nituen garaietako lauzpabost programa baino ez dira gaur egun indarrean gelditzen Euskal Telebistan: Gaur Egun, Teleberri, Goenkale, La noche de… eta Iparraldearen orena, hain zuzen ere.

Nik biziki maite dudan Jose Mari Otermin eta biok Galestik ekarri genuen Goenkale, baina badakit noizbait agortuko dela. Gustuko dut Mikel Lejartzak proposatutako La noche de… baina badakit noiz edo noiz gure Felix Linares jubilatuko dena. Sumatzen dut, ordea, Gaur Egun eta Teleberri albistegiak zer gerta ere dezente gehiago irauteko sortarazi genituela eta, esango nuke esan, Iparraldearen orena eguneroko programa-mota gisa jaio zela eta ez, aldiz, parrillaren arabera lantzean behin aldatu beharreko astekari antzera.

Berriz diot, eta zilegi bekit apaltasunik eza. Ez dakit inork ahitutzat joko ote duen ala ez eguneroko Iparraldearen orena baina, erabakia erabaki, ez diot honako desio hau baino opa: hemezortzi urte barru bere motxilaren balantza egiten duenean, ni orain bezain harro sentitzeko arrazoirik izan dezala.

Iparraldearen orena

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: