Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iparragirreren alabaren argazki galdua

Iparragirreren alabaren argazki galdua

Amatiño 2022/01/26 22:00
Hogeitaka urte neramatzan “IPARRAGUIRRE. El último bardo” (José Mª Salaverria. Espasa-Calpe, 1932) liburua irekitzeke eta horra non, ustekabean, konturatu naizen erdiko orrialdeetan dakartzan lau argazkiez, zeinetan lauetako baten oinak dioen: “Casa nativa de Iparraguirre. Su hija en la puerta de entrada. (Villarreal de Urrechua)”.

Espasa-Calpe. Madrid-Barcelona, 1932

Maria Iparragirre
Eskuinean jesarria, Maria, Iparragirreren alaba. Zutik, Julia Listur Iparragirre, biloba. Erdiko haurra, berriz, Saúl Fernández Listur, birbiloba.

Ez da argazki batere ona, baina ez dut beste inon kopiarik aurkitu. Ez Urretxuko artxibo digitalean eta ez, oro har, interneten ere. Argazkiak zalantzan jartzen du, nolabait, Maria Iparragirre Kerejeta zenak, Iparragirre kantariaren alabak, aitaren ospeari muzin egin omen zionaren ustea.

1932ko liburuxka

Jose María Salaberria (Vinaroz, 1873 – Donostia, 1940) kazetari eta idazlearen “Iparraguirre. El último bardo” (Espasa-Calpe. Madrid-Barcelona, 1932) biografia ez da, inondik ere, Iparragirreren zertzeladen bilketarik osatuena edo landuena, baina balio du gerra aurreko espainiar faszistaren (pre-faszista, zehazten du Juan Pablo Fusik) euskal iritziaz jabetzeko, 184 orrialdeetatik 50 euskararen eta Euskal Herriaren gainean idatzi baitzuen.

Esan bezala, erdigunean liburuak lau argazki biltzen ditu: Iparragirre zenaren bi irudi ezagun (Pancho Bringas eta Antonio M. Lecuona artistenak), Iparragirreren estatuarena Urretxuko plazan eta bere alabarena sortetxe-atarian. Ez du alabaren izenik aipatzen.

Jakinekoa, Iparragirrek bederatzi seme-alaba izan zituena. Aurrena, Fernando José, Sophie Adèle Picquart artista italiarrarekin izandakoa, Alsazian, 27 urte zituela. Gainerako zortziak, Uruguaien, 1859an. Maria Angela Kerejeta alegiarrarekin ezkondu ostean: Benigno, Francisca, Angela, Luzia, Juan, Felisa, Dominga eta Maria (bada izen-zerrenda honen beste bizpahiru bertsio).

Maria alaba Mercedes (Uruguai) hirian hil zen, 1936an. Nonbait, 1930 urte inguruan (beti ere 1932 baino lehenago) Urretxura etorri zen, aitaren etxea ezagutzera. Telletxea Idigoras historialari zorrotzari jaramonik egingo badiogu, urretxuarrek harrera ona egin nahi izan zioten Mariari,  herriko seme txit maitatuaren alaba zenez gero, baina hark uzkur samar erantzun zien antza: “ez dut nire aitarengandik ezer nahi, familia guztia Ameriketan utzita hanka egin zuen-eta”. Daitekeena horrela izatea baina, orduan… zer dela-eta etorri zen Urretxura eta aitaren jaiotetxearen atarian argazkia atera? Amorruz? Harro ez ote?

Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena (1820-2020) zela eta, interneten dagoen weborri oparo bezain zehatzean, Iparragirreren beraren irudiez gainera, haren senideen lau argazki daude. Bat, aski ezaguna, familia osoarena, eta hiru, banakakoak, Francisca, Juan eta Maria seme-alabena. Mariarena, estudioan ateratako argazki nabarmen ona da, baina ez dago inon aitaren jaiotetxera etorri zenekorik, Jose Maria Salaberriak 1932 urtean argitara emandako "El último bardo" liburuan izan ezik.

---ooOoo---

Oharra: Oso ezaguna ez den beste argazki bat Angela Kerejeta (1838-1920) Iparragirreren emaztearena da. Merezi du gogoan hartzea, besteak beste Indalezio Ojanguren "Kajoitxu" (1887-1972) eibartarrak ateratakoa da-eta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren DOKUMETA funtsean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: