Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Intimitate-eskubidea

Intimitate-eskubidea

Amatiño 2022/06/15 09:50
“Intimidad” telesaila (Netflix, 2022.06.10), ezer bada, sinesgarria da. Sinesgarriak dira azaltzen dituen gertakariak, Bilboko hiri-giroa, gizarte-sektorea, testuinguru politikoa edo Ertzaintzaren jarduera. Beste kontu bat, horren sinesgarria ote den biltzen dituen ildo bertsuko gertakarien metaketa. Baina, zinea zine, zinemaz ari gara. Alegia, benetan ikustea merezi duen saila.

Ekoizpen feminista, ezelako gehiegikeriatan alferrik hondatzen ez dena. Biktimek euren burua biktimatzat aitortzeko izan ohi duten zailtasuna salatzen du eta, aldi berean, nork berea errudun sentitzeko erraztasuna. Maila bateko zein besteko gizonen matxismoa ez dago zalantzan (emakumeen arteko konplizitatea ez dagoen bezalaxe), baina gehiago nabarmentzen du gizonezkoak nagusi diren multzoetan –lanean nahiz politikagintzan-- suertatzen den talde-sindromea, gizonezko bakoitzaren baitan suma daitekeen matxismo pertsonala baino.

“Intimidad” telesailaren ataletan barrena ez da morala auzitan dagoena, zer gerta ere pribatuaren eta publikoaren arteko marra gorria baizik. Eta, hain zuzen, esparru digitalean marra hori lekuz mugiarazteko erraztasuna eta erraztasun horrek hainbat interes partikularri ematen dizkion mendeku-aukerak eta xantaia-arriskuak.

Ez naiz ni telesailzale (ez da nire astiaren lehentasunetan egokitzeko formatorik aproposena) baina, esango nuke, plataforma hauetan batere ohikoa ez denez gero,  gogoangarri dela honako honetan euskarari ematen zaion jokoa. Egia da, zortzi ataleko euskarazko solas edo jardun guztiak jarraian bilduz gero, hamar minutu eskas baino ez liratekeela izango ia 400 minutuko (50´ X 8) sail luzean zehar. Baina ez da kopuru-kontua, duintasun-kontua baino, batere erraza ez den arren Bilbon euskaraz dakiten hiru lagun solasaldi berean topo egitea, arrunt ohikoagoa da-eta unibertsitatean fisika euskaraz ikasi nahi duen ikasleria aurkitzea.

Onena, bete-beteko testuingurua, aktorerik nagusienen erabateko interpretazioa eta bideratzen diren mezu artezak bezain adierazgarriak. Traketsena, agian beharrezko ez diren hainbat xehetasun bildu nahi izatea eta, ondorioz, premiarik gabe lar luzatzea... helburua nola hala luzatu beharra ez baldin bada, behintzat

Nabarmena Emma Suárez, Verónica Echegui, Ana Wagener eta June Nogueiras antzezlarien lana. Azpimarragarria, Itziar Ituñoren interpretazioa eta, bereiztekotan, apartekoa Patricia López Arnaizena. Emakumeen mundu honetan aipagarri, berriz, Marc Martinezen ekarpena.

Agerikoak ere, Txorierri-edo inguruko landetxeak, Bilboko hirigintza klasiko zein modernotik Sopelako itsasbazterrerainoko irudiak, munduan barrena harro erakutsi daitekeen orografia, euriaren normaltasuna eta berde hezearen berdetasuna.

Intimidad
Verónica Echegui, Patricia López Arnaiz, Itziar Ituño, June Nogueiras, Ana Wagener eta Emma Suárez.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: