Instantanea
Hasieran, ez zen horrela izan. Argazkilaritzak urteak eta hamarkadak behar izan zituen berehalako argazki lasterrak lortu ahal izateko, Bizkaian sarri esaten den bezala, “atoan” ateratzeko.
Besterik lirudikeen arren, argazki geldoak --esposizio-denbora luzekoak-- atera ahal izateko teknologia da, argazki azkarrak ateratzekoa baino zaharragoa edo aurrekoagoa. Edo, hobeto esateko, behar besteko teknologiarik ezak esposizio-denbora komeni baino gehiago luzatzen zuen. Azkar atera nahi, eta ezin.
Lehen dagerrotipoek (Louis Daguerre paristarraren asmakizuna, euskal deitura bazuen ere) esposizio-denbora luzexkoa behar izaten zuten eta, hartara, objektoak mugituz gero, zirkinduak azaltzen ziren. Teknologiak (eta kimikak) etorri behar izan zuen, esposizio-denbora laburtzeko eta “instantean” ateratzeko.
Diafragmaren irekidurak eta abiadurak elkar-jokoan eskaini ditzaketen abaguneetan sartzeke, normalean argazkilaritza artistikoa ahalik eta aukerabiderik gehienez baliatu ohi da eta kazetaritza-argazkia, aldiz, unean uneko bizkortasun eta lastertasunaz, gehienbat.
Izan ere, 1970eko hamarkadako kazetarien artean oso ohikoa zen “instantanea bat lortu” eta honelako esaerak harro asko erabiltzea. Instantanea jakineko momentu zehatz baten ispilu hutsa da. Ez du sekuentziarik frogatzen (benetako egia, izatez, sekuentziala da), baina bai, ordea, unean uneko errealitate ukaezina islatzen.
Argazki hau, Itziarko errepidetik mendebaldera begira ilunabarrean aterata, instantanea bat da, zentzurik zehatzenean. Aurre aurrean, Deba inguruko arrantzaleak txipiroitan eta, kostarik kosta, Mutriku, Ondarroa eta Lekeitio. Barrenean, hango faroa. Itxurazkoa-edo atera baldin bada, ez da inoren meritua. Automatikoan sakatu eta kitto.
Meritu bakarra, meriturik bada, zera da: argazkilariak beren-beregi nahi izan duela islatu Lekeitioko itsasargiaren errainurik distiratsuena. Baita lortu ere, hamarren bat argazki errenkan atera ostean. Une hori, izan bada, egia da, argazkiak bereganatu bai baitu, ezer asmatu beharrik gabe. Baina, behar bada, “benetako” errealitatea ez da hori, giza-begiek faroaren argi-sekuentzia lehenesten dutelako eta ez, ordea, lar nabarmendu, hutsaren hurrengo dirauen argi-errainurik bortitzenaren dirdira.