Inpase-aroa
Inpasea paserik eza da. Ez aurrera eta ez atzera, ez hau eta ez bestea, noraezean erabaki ezineko itopuntuan egotea da. Ez da alegiazko formulazioa, inpaseak izan badira. Eta euskal gizartean begi-bistako isla zehatza dute, Zulaikak konta ahala adierazi bezala, euskararen beraren egoeratik hasita.
Hain zuzen ere, euskararen egoeraren diagnostikoa da egilearen adibiderik onena, edozein kritika-zentzuren gainetik inpaseari blokeo-ideia atxikitzeko. Alegia, orain mende erdiko egoerarekin alderatuz, “euskara salbatu egin da zeraman seguru desagertzeko bidetik” eta “bere batasuna eta modernizazioa arrakasta paregabeak dira”. Baina mirari (1) bi hauek ez dute esangura une honetan euskara noraezean ez dagoenik. Beste modu batez esanda, 1970 eta 1980eko hamarkadetan, modu batez edo bestez, bagenekien zer egin. Orain, ordea, ez dago batere garbi. Inpasean gaude.
Ildo beretik, inpaseak dira Joseba Zulaikak beste hainbat arlotan ere aztergai dituen noraezak, jakinezak edo asmatzerik ezak. Alegia, euskaldunak ala baskoak, gizartea ala herria, euskararen aberria ala independentzia, historiaren testuingurua ala presentismoa, feminismoaren eztanda eta Hondarribiko Alardearen blokeoa; literaturaren edo artearen barne-inpaseak… Migrazioa, kapitalismoa, ingurumena, turismoa, teknologia berriak, Adimen Artifiziala zein maitasun posmodernoaren inpaseak. Xabier Letek abestu bezala: “Nahiaren eta ezinaren burrukatoki ekaitzez betea”. Gauden-gaudenean gaude. Inpase-aroan. Eta ez dago itzultzerik.
Amaitzeko hasierara bihurtuz, ordea, gure kasuan “hizkuntzaren zailtasunak oso loturik daude politikaren eta historiaren eta etorkinen eta abarren zailtasunarekin. Kultura etnikoaren inpaseak zerikusia du feminismoarekin edo euskararekin edo politikarenekin Herri baten politikak herri horren kultura ispilatzen du eta Euskal Herria ez da salbuespena. Inpasea bihurtzen badugu kultura bat ezagutzeko metodo, normala da horien artean korrelazioak aurkitzea”.
1) Egileak berak darabilen hitza.