"Inosen", donostiar herrena, arriskutsua eta gafaduna
Felix Inocencio Bujanda donostiarrak Saseta batailoian jardun zuen 1936ko gerran, nahiz herrena izan, 11 urte baino ez zituela Antiguoko tranbiak zango bat belaunetik gora moztu baitzion, ez ordaintzearren martxan igo nahi izateagatik. "Inosen" Gernikan zen bonbardaketa egunean eta Puerto Santa Maria kartzelan ezagutu zuen Koldo Mitxelena.
Gerra ostean, espetxetik irten eta gero, euskal erresistentzian ari zelarik, hainbat denbora ezkutuan bizi behar izan zuen, poliziak bazterrak miatzen zituen bitartean, “rojo separatista, cojo, peligroso y con gafas" delako gaizkilearen bila. Horra zergatik, liburuaren izenburuaren azpidatzia: “Herren arriskutsu eta gafadun baten gogoetak”.
Jose Manuel Bujanda semeak esan bezala, aita “autodidakta izan zen, jakituna, serioa, nortasun zorrotzekoa, irakurle amorratua, kultoa, euskalduna, abertzalea, fededuna baina ez klerikala”. Frantsesez eta ingelesez moldatzen zen eta, hil zenean, Küng teologo alemaniarraren liburua zeukan, alemanez, 'mesanotxe' gainean.
Denetariko irakurgaiez jantzia zelako, Koldo Mitxelenaren mailako maisu onik hurbil izan zuelako edo, auskalo, berezkoa zuelako, kontua da polito asko idazten zuela. 1970eko hamarkadaren inguruan sarri izan genuen haren artikuluak Zeruko ARGIA astekarian irakurtzeko aukera eta hainbat ipuin lehiaketatan ere maiz hartu izan zuen parte..
Hasieran esan bezala, "Inosen"en hainbat memoriak eta gogoetak osatzen dute EZ DAGO, ez, IDATZIA deritzan oinordetza literarioa. Seme-alabek, aita hil ostean, kartoizko kaxa barruan ezustean aurkitu zituzten eskuizkribuak eta, ondoren, Jose Manuel Bujanda semerik nagusienak ordenatu eta orraztu dituena.
Ezinbesteko ordenak eta egin beharreko orrazketak ez zioten, noski, oinarrizko kalterik erakarriko, baina testua samur irakurtzea besterik ez dago jabetzeko, “Inosen” Bujanda zein idazle txukuna, zuzena, jatorra, benetalaria eta bat-batekoa zen. Edozenbat idazlek gustura hartuko luke, orain 106 urte izango lituzkeen zaharraren estilo arteza, baita makinatxo bat kazetarik ere, haren kontakizunari darizkion erritmo eta martxa.
Gaiez, berriz, memoria, berez, gomuta-arloa "besterik" ez denez gero, agurea oroitzapenetan abiatu izanak ez du inor erraz harrituko; alabaina, aldi berean mitoez, utopiaz, bikaintsunaz edo gure planeta honetaz gogoeta egitea ez da laurogeitaka urteko buruak (azken eranskina 2009koa-edo da, alegia, 94 urte zituenekoa) edozein astelehen zuritan zertu dezakeen trebetasuna.
Bestalde, zer pentsa eta zer hausnar ere ematen digu Bujanda aitona zaharrak. Denok kanpolarrosak izan nahi bide dugun gizarte sasigarden honetan, 99 urteko “Inosen” isilik-mixilik joan zen, apal-apal, sekulako pitxia kartoizko kaxa batean gorderik utzita.