Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Inork nahi ez dituen eskaintzak

Inork nahi ez dituen eskaintzak

Amatiño 2021/11/19 08:15
Gure belaunaldiak berrogei urte inguru egin zituen liburuak erosten edo biltzen, eta beste hogei, berriz, han-hemenka ematen, banatzen eta uxatzen. Izan ere, bigarren eskuko liburuen azoketan ez da batere zaila gure adinekook elkarri, opari gisa, eskainitako liburuak saldo-prezioan aurkitzea.

Nago, gertatzen ari dena oso begi-bistakoa dela: hirurogeigarren hamarkadatik aurrera liburuak sailean erosi izan zituzten aitona-amonak hiltzen ari dira, oinordekoek ez dakite zer egin beste garai eta giro bateko aleekin, eta nola edo hala trabatik kentzen dituzte, liburu zaharrek lekua murriztu eta hautsa gehitu baino egiten ez dutelakoan. Eta liburuok uxatzen dituzte, sekula ireki gabe, lehen orrialdera iristeke, norbaitek egindako eskaintza pertsonala dagokeenik ere konturatu barik.

Lehenengoarekin topo egin nuenean pudore-puntua sentitu nuen, ezustean inoren intimitatean sartu izan banintz bezala. Ezohiko bitxitzat jo eta, bigarrena eta hirugarrena ere erosi nituen, baina ez ordea gehiago. Batetik, jabetu nintzelako nik arrarotzat jotakoa uste baino ohikoagoa zela; eta, bestetik, ohartu nintzelako batere mesederik egiten ez zidan esparru malenkoniatsuan sartzen niharduela.

Dedikatoria eta guztiko liburu horietakoa da Ramiro Larrañaga (1924-2005) soraluzetarrak Arroako Juan Erenchun (1907-1977) musikariari eskainitakoa. 1972an argitaratua, Ramirok 1973ko otsailaren 3an oparitu zion Erenchuni. Ezin jakin organo-jotzaileak liburua irakurtzeko betarik hartu ote zuen, lau urte geroago hil zen-eta. Seguru dakiguna, ordea, zera da, arroarraren ondorengoek ez dutela armagintza-aditu kementsuaren liburua gorde.

Beste bat da, berriz, Julio Beobideren alabak adierazitakoa, aita zenaren liburuaren (Beobide. San Telmo Museoa, 1991) atarian. Maipi 2013an zendu zen, eta zera idatzi zuen 22 urte lehenago: “Para Pipo Garbayo, gran admiradora del arte de mi aita. En su recuerdo-homenaje, con verdadero cariño, su hija. Biotz biotzez. Beobide’tar Mari Pilar. Zumaian, 1991’ko dagonillaren 16’an”.

Norberaren liburua (edo norberak gustuko duena) inori opa izatea berez da une majiko samarra. Zer esanik ez, idatzizko eskaintza eta guztikoa baldin bada. Elkarri maitasuna, abegi zintzoa edo esker ona adieraztea bezalakoxea da, gero edozein arkupe ainube eta laiotzetako liburu zaharren artean gutxietsitzat baztertuko bada ere. 

Ramon Gorosta
Ramiro Larrañagaren liburua eta eskaintza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: