Inork gure senetik atera ez gaitzan ahalegindu
Konturatu ez arren, “seny” katalana eta euskal “sena” jatorri bereko hitzak dira. Germaniar zaharretik datorrena, nahiz, aurretik, Germaniaraino Erromatar Inperioaren latinak eraman. Erdi Aroan erromantze guztietan arrunt erabilia izan zen, XIII. mendeko gure Berceo errioxarra lekuko.
Hitz biok jatorri berekoak izan arren, praktikan esangura lar ezberdinak dituzte, euskaraz ala katalanez izan. Egia da bai, hiztegira joez gero berdinak ematen dutela: zentzua, ezaguera, izakera, berezkoa, nortasuna, kordea, instintoa, intuizioa... Baina, aldeak, aukerak egiterakoan sortzen dira, katalanek zentzua, ezaguera, kordea eta intuizioa hautatzen dituztenetan, euskaldunok izakera, berezkoa, nortasuna eta instintoa aukeratzen ditugu-eta.
Semantikari zorrik izango ez badiogu, badirudi euskal sena sustraiari atxikitzen zaiola, seny katalana kanpolarrosa den bitartean; euskal senari kutsu etnikoa omen dario, istilu eta iskanbilarako joera sutsua; eta seny katalanari, aldiz, diseinu-itxura, estrategia pausatua, badaezpadako jarrera zuhurra; gordin-gordin esanda, euskaldunok sena erabiltzen omen dugu geure burua kanpontarrengandik uxatzeko, katalanak senyaz baliatzen diren artean kanpotarrok eurenganatzeko.
Zenbat aldiz ez ote dugun, gero, urtetan entzun, euskal sen zakarrarekin ez zegoela inora joaterik, seny katalan xarmangarria behar genuela eredutzat hartu; eta, aurrez aurre erasan beharrean, zeharbidetik abiatzen ikasi. Ordua zela astakirten izateari utzi eta, behingoz, katalanen jokabide zentzudun eta dotoreak ikasteari ekitekoa.
Baina, azken bizpahiru hilabeteotako senyaren balantza ikusi ostean, bistan da azaleko itxura baino ez zela. Besterik uste arren, ez dagoela seny eta senaren artean horrenbesteko diferentziarik. Alegia, Katalunian nahiz Euskal Herrian izan, funtsezkoena ez dela seny-senaren nolakotasuna, zer gerta ere nork bere buruaren jabe iraun beharra baino.
Tradizio zaharrrari jaramon eginez, katalanek behar dutela euren senyra etorri eta euskaldunok, berriz, inork gure senetik atera ez gaitzan ahalegindu.
Euskadi Irratia. Albiste Faktoria