Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Inork ez ditu aztertu burutik ondo dauden zaharrak

Inork ez ditu aztertu burutik ondo dauden zaharrak

Amatiño 2017/07/22 00:05
Ikertzaileak konturatu dira azken urteotan ikaragarri sakon miatuak izan direla Alzheimerrak eta bestelako neuroendekapenezko eriek jotako adinekoen burmuinak. Eta, alderantziz, jabetu ere jabetu dira ez dituztela batere ezagutzen ezelango patologiarik ez duten zaharrenak. Horretara, 65 urte baino gehiago baduzu, burutik sasoiko bazaude eta elebiduna bazara… jo BCBL erakundera. Behar bada, noiz edo noiz, elkar ikusiko dugu.

Bospasei urte baino ez nituen nik, nire adiskiderik minenak aitortu zidanean zergatik ez zekien berak euskaraz. Nonbait, anaia zuen “ezgaitua”, sortze beretik, eta gurasoek, hobe beharrez, erabaki omen zuten gaztelaniaz baino ez hitzegitea etxean, gizagaixoari hizkuntza bakarra ikastea ere nabarmen kostatuko zitzaiolakoan. Harako anaia aurreko astean hil zen, 74 urtez, sekula gaztelaniaz hitzerdirik ikasi gabe. Ezta haren anai-arrebek ere, euskaraz.

Elebitasuna eragozpena baino ez zela, eta euskaraz ikastea gaztelaniaren kaltetan, “jakinekoa” izan zen, euskal gizartearen hainbat girotan, barrena 1970eko hamarkada arte. Alderantziz, mende erdi geroago bada uste duenik elebitasunak argitasun erantsia eragiten duela baina, antza, hori ere ez da egia.

Llabur-llabur esanda, bat besterik ez da hizkuntza-mekanismoa, elebakarretan nahiz elebidunetan. Eta, onenean ere, elebidunek ez dute hizkuntza-mekanismo hori elebidunek baino garatuagoa “ernaituagoa” baino. Alegia:

 Batetik, bestelako disziplina guztietan berdin samarra baldin bada ere hizkuntza bat edo bi jakitea, hirugarrena ikastea samurrago gerta dakioke lehenagotik bi dakizkienari; baina, ez argiagoa delako, aldez aurretik --hizkuntza-eremuan eta eremu horretan soilik, hain zuzen ere--  informazio gehiago duelako baizik. 

 Bestetik, elebidunak badu jartzerik indarrean, elebakarrak ezagutzen ez duen hizkuntza-kudeaketa. Hots, solaskidearen arabera une oro hizkuntzaz aldatzeko funtzio automatikoa. Baina hau ez da adimen gehiago edo gutxiago kontua, “kudeaketa soziolinguistikoa” baino.

Hau guztia eta gehiago aztertzen dihardu “Multilingual Literacy” programak, Jon Andoni Duñabeitia (Bilbao, 1981) ikerlariaren buruzagitzapean, eta BCBL delako erakundearen baitan.

Ikertzaileak konturatu dira azken urteotan ikaragarri sakon miatu izan direla Alzheimerrak eta bestelako neuroendekapenezko eriek jotako adinekoen burmuinak. Eta, nonbait, jabetu ere jabetu dira, ez dituztela batere ezagutzen patologiarik ez duten sasoiko zaharren burmuinak... ez dituzte-eta begiratu ere, orain arte.

Horretara, 65 urte baino baduzu, burutik itxuraz bazaude eta elebiduna bazara… jo helbide honetara. Behar bada, noiz edo noiz, elkar ikusiko dugu.

BCBL

"Burmuin apartei esker egiten du aurrera zientziak" dio BCBL erakundearen leloak.  Hizkuntzaren inguruko mekanismo neurokognitiboak ikertzera bideratua dagoen Euskal Herriko zentro aitzindaria da Basque Center on Cognition, Brain and Language elkartea.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: