Inorena beti da hobea
Tesia, batez beste, bakuna da: Euskal Herri zahar, txiker eta berdineza gai izan omen da ausart jokatzeko, burua altxatzeko eta inguruko herrialdeak baino lehiakorragoa izatera iristeko. Euskal esperientzia honetan oinarritua, Martin Wolf ekonomia-kazetariak frogatutzat jotzen du tokian tokiko herritarrak direla egokienak euren interesak bertatik bertara defenditzeko. Hitz batez, autonomia garrantzitsua dela, eraginkorra, sistema eredugarri eta arrakastatsua, Euskal Herrian eta... Erresuma Batuan.
Izan ere, irakurleak galde dezake zer dela eta Financial Times egunkariak ekiten dion orain Euskadiren autonomia goraipatzeari (baikorregi samar, gainera). Erantzuna ez da, ordea, gurean bilatu behar, Britainia Handian egunotan gertatzen ari den eztabaida politikoan baino. Kontua da, Michael Gove, Etxebizitza eta Komunitate idazkaria, Erresuma Batuko lurraldeen "levelling up” plana aurkeztekotan dela, eta Eskozia eta Gales nazioak beldur direla, eskuduntza orokorrak berdindu nahiaren aitzakiaz, Boris Jhonsonek ez ote dizkien lehendanik eskutan dituzten berezitasunak murriztuko. Duela 40 urte luze Espainian landatu zen café-para-todos tankerakoa-edo.
Martin Wolfek hitzez hitz dioenez, “in the UK, above all, too much has depended for too long on decisions coming out of London. That is not how the Basque Country prospered. Autonomy matters. We must learn from that.” Hau da: “Erresuma Batuan, batez ere, gauza gehiegi egon da denbora gehiegi noiz erabakiak Londrestik helduko. Ez da horrela gertatu Euskal Herriaren aurrerabidea. Autonomiak garrantzia du. Guk behar dugu hortatik ikasi.”
Baina, behar bada, aldi berean, euskaldunok ere behar genuke Erresuma Batuaz dakiguna baino gehiago jakin, sarri hitz egiten baitugu Eskoziako edo Galesko futbol zein rugby talde ofizialen inbidiaz, kirol-ordezkaritza hori askatasun-mailaren ezaugarririk handiena balitz bezala. Gero gertatzen da, ordea, hezkuntzaz, hizkuntzaz, kulturaz, telebistaz, ogasunaz edo poliziaz, gure autonomia haiena baino nabarmen handiagoa dela, nahiz txapelketa ofizialetan euskal kirol-elastikorik janzterik izan ez.
Inorena beti omen da hobea.