Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Inoren lotsa

Inoren lotsa

Amatiño 2021/06/28 15:10
Ez dago beti solemne izan beharrik goiari eusteko, eta umore-punttua aproposa izan daiteke une batez eta neurrian. Baina ordubete luzez eta profesionalak ez direnen bizkar… parodia lotsagarritan amaitzeko arrisku handia du. Honelako zerbait gertatu zitzaion Donostiako Orfeoiari aurreko larunbatean.

Kontzertu Klasikoen Lehen Zikloari amaiera emateko, Donostiako Orfeoiak prestatu zuen ordu eta erdiko ekitaldia, non, azken bost minutuak (Der Gnade Wunder – Wagner) eta propina (Va, pensiero– Verdi) izan ezik, aurreko laurogei minutuek antzezlan musikala osatu zuten, orfeoilarien balizko entsegu orokorra –publikorik gabeko froga-saioa-- irudikatze aldera.

Ideia ona, erronka ausarta, baina ez, horratik, samurra. Are zailago antzerki-esperientziarik ez duten hirurogeitaka kantarirekin moldatzekotan eta ia ordu eta erdiz iraunarazi beharraren beharrez. Hiruzpalau zirikada puntual, tira; hamar minutu, gaitzerdi; baina laurogeitaka… lartxo gauza onerako. Ezta gidoilaririk onenak ere! Ondo kantatzea zaila bada, jendea umorez entretenitzea ez da errazagoa. Hainbat entzuleri, behintzat, izugarri luze egin zitzaion, tarteka-marteka erlojuari begira, hura noiz amaituko; erridikulu-zirrara eta inoren lotsa ez dira-eta eramanerrazak izaten.

Etxean jokatzen zuen orfeoiak, batere kritikoak ez zaizkion zaleen aurrean. Egia esan, zer gerta ere, ez zitzaion jarraitzaile sutsuen txalo-zaparradarik falta izan, antolatzaileek ez ikusi egiteko edo nork bere burua engainatzeko lain. Baina arduradunek hobe lukete beroarena kendu eta sakon samar hausnar egin.

Nago, “probintziako” beste edozein koruk horrelako zerbait egingo balu, hainbat donostiarrek kirtenkeriatzat joko lukeela. Eta bilbotarrek egingo balute, berriz, atxuritarren arlotekeriatzat.

Donostiako Orfeoia ez da herri-eskola, Kontzertu Klasikoen Zikloaren amaiera ez da ikasturteko azken antzerki-eguna, eta Kursaal aretoa ez da ikastetxeko jolastokia. Edozelan ere, izan behar baldin badute, bapo, izan daitezela, arazorik ez. Baina ez, pandemia dela-eta laguntza biltze aldera, sarrerako 30 euro kobratu.

Donostiako Orfeoia
Orfeoilari donostiarrek, nor bere kasa jantziak, balizko saioa antzeztu zuten (DVren argazkia).
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: