Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Inoiz baino aberatsago

Inoiz baino aberatsago

Amatiño 2009/12/01 23:33
Badut laguna, ni baino zaharragoa, laupabost neska-mutikoren amama, bizi guztian etxekoandrearenak egin eta makroekonomiaz askorik ez jakin arren bere teoria umoretsua duena: “El dinero es como la energía, ni se crea ni se destruye, sólo se transforma… y de paso cambia de manos”. Nere laguna izugarri aberatsa izan zen 60ko hamarkadan. Gero, senarrak enpresa itxi behar izan zuen eta, orduandik, maldan behera.

Nere lagunak arrazoi apurren bat izan badu. Zenbaitek besterik badio ere, gutxienez eztabaidagarria da krisialdiaren ondotik mundua pobreagoa ote den. Behar bada Estatu Batuak bai (Afganistan aldera doazen 30.000 marineena jakin ostean sinesgaitz samarra den arren), eta segurutik baita Europa ere, baina inork ez luke esango Txina, Brasil, India edo Errusia orain dela hamar urte baino behartsuagoak direnik. Nere lagunak esan ohi duen bezala, dirua egon badago, baina eskuz eta herrialdez aldatu da eta, agian, ganorazko zerbait egiten ez badugu, lekuz aldatzen jarraituko du, aldegiten alegia.

Hala ere, nahiz eta nere lagunak aipatu ez, dirua ez da eskuz eta herrialdez soilik aldatzen, baita erabilpenez ere. Seguru gero badirena 1960ko aberatsak gaur egun ozta-ozta bizi direnak, orain dela hogei urte doi bizi arren egun aberats samarrak direnak ere dauden bezalaxe. Baina hori ez da inondik ere aldaketarik nabarmenena. Garrantzitsuena da, oro har, hilaren azkeneko soldataren gainetik, den-denok garela orain inoiz baino aberatsago. Eta horretan datza, hain zuzen, egiazko aberastasuna.

Atzo bertan Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusiak emandako datuen arabera, euskal gizarte-ekintzaren etxe-zerbitzuaren kostua 376 euro da hileko, espainiar estatuan 213 den artea; eta zerbitzu hori orduka neurtuz gero, autonomia erkidegoan 13,9 ordu dira hileko eta espainiar erresuman 8,7. Aldi berean, eguneko zentruen kostua 10.256 euro da Erkidegoan, eta 7.873 Estatuan. Erresidentzien kostua 2.113 euro hileko Euskadin, eta 1.441 Espainian. Eta oinarrizko errenta, berriz, 640 euro hileko hemen eta 418 han.

Datu hauek, horrela bat-batean errenkadan esanda, ez dituzte arrapaladan ari diren blogari gazteak hunkituko baina, berandu baino lehen konturatuko direnez –eta konturatzeko betarik ez badute seinale txarra--, era honetako datuak dira tokian tokiko gizartearen aberastasuna bene-benetan neurtzeko balio duten bakarrenetakoak.

Galdera da, ordea, zer egin beharko ote duen hurrengo urteetan euskal gizarteak aberastasun maila honi eutsi ahal izateko. Norbera aberastea ez da zaila, horretara jartzea baino ez dago. Zailena da gizartea aberastea. Dirua lekuz aldatzea ez da batere gaitza. Gaitzena guztion mesedetan aldatzea eta banatzea da. Eta nere lagunak inoiz pentsatu ez arren, ezustean baino ez bada ere, euskal gizartea sekula baino aberatsagoa da.

Zelan, baina, goiari eutsi?

                      

                               Jose Luis Bilbao Bizkaiko Ahaldun Nagusia atzo hizlari Bilbon

 

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: