Ingurumen-kazetaritza
Aurreko astean ekin zitzaion Ingurumen Kazetaritzaren gaineko laugarren on line ikastaroari. Kutxa Ekoguneak zein Cristina Fundazioak antolatua eta Asmoz Fundazioak kudeatua, sarrera-hitzaldia Clemente Alvarez kazetariak eskaini zuen, aurrez aurre, Donostian, El futuro del periodismo ambiental delako gaiaz.
Hainbat zertzelada laburtu eta azpimarratu beharraren beharrez:
-- Ausardia handia litzateke ingurumen-kazetaritzaren etorkizuna iragarri nahi izatea. Are gehiago, irudi luke iraunkotasuna, mundu-beroketa eta klima-aldaketa bezalako adierek ez dutela gaur egun duela bospasei urte eskas zuten oihartzuna.
-- Zer nahi delarik, ezin gero oraingoz ingurumen-kazetaritza baikortasunez sumatu, belaunaldi berriek euskarri digitaletara jotzen duten artean kazetari helduak eta adituak egunkarietako lanpostuak galtzen ari direnez gero.
-- Egia da, bai, informazioaren behatokia Interneten kokatu dela baina ez, ordea, negozio-ikuspegia.
-- Ingurumen-kazetariak informazioa du helburu. Ingurumen-kazetaria ez da iritzi-emaile, ideologo, hezitzaile, aldarrikatzaile edo sentsibilizatzaile sutsua, informatzaile eta bitartekari onesta baizik.
-- Ingurumen-kazetaritza ez da segurutik beste edozein motatakoa baino hobea edo txarragoa, baina bai konplexuagoa, edozenbat arlo (zientzia, teknika, industria, energia, nekazaritza, zerbitzuak…) menderatu beharra eskatzen baitu.
-- Ingurumen-kazetaritzak ez du ekonomia- edo politika-kazetaritzak baino “presio” gehiago jasotzen, baina gizarte-eztabaida gehiago eragiten du.