Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Ingelesez ikasteko metodoa

Ingelesez ikasteko metodoa

Amatiño 2017/08/28 00:05
“Pobrecitos” bota zuen ahopeka aurretik neramanak eta inork ez zuen hartaz gehiago ezer galdetu baina, nik neuk pentsatu nuen nire kasa… zer ez ote lukeen aitona hark esango, euskaraz edo katalanez ikasteko halako metodoak erabaliko balira!

Taldekako mendi-ibilaldi luzeetan ez ohiko solasaldiak entzun ohi dira. Hamabi-hamalau lagun, bata bestearen ondotik, errenkadan, sei-zazpi ordutan, nekez joan ohi dira isilik. Edo, hobeto esan, batzuk ez dira sekula isiltzen… beste batzuk entzuteko aukera izan dezagun edo. Kontua da, bakoitzak bere buruari tamaina hartzea.

Orain hurrengo, inondik ere ezagutzen ez nituen hiruzpalau lagun elkartu zitzaizkigun. Madrildarrak. Tipo lerdenak, ibiltari onak, ni baino sei-zazpi gazteagoak eta hizjario handikoak.

Gai batetik bestera, jauzika, halakoren batean eskolaz, heziketaz, mintzatu ziren, zehatzago, bigarren hizkuntzak ikasi beharraz. Argi eta garbi zuten honezkero ez dagoela ingelesik jakin gabe mundura ateratzerik, eta, nonbait, izugarri ondo ikusten zuten euren seme-alabek bospasei urteko bilobei ingelesa txikitatik ikaseraztea, “nahi-eta-nahi-ez”.

Nahitanahiezko jokabidea ez zen, antza, esateko modu bat edo nolabaiteko erretorika hutsa, zer gerta ere derrigorrez bete beharreko baldintza baizik.

Gehien hitzegiten zuenak espantu handirik gabe aditzera eman zuenez, zorioneko bospasei urteko haurrei, ingelesko klase partikularrak emateaz gainera, telebistako marrazki bizidunak ere ingelesez ikusiarazten omen diete, “eta ez badute ulertzen, har dezatela hiztegia eta kitto, ikasiko dute!”

Hilaran, errenkadan, gindoazenetako bat ausartu zen esaten, behar bada metodo horrek nekez izan dezakeela iraupenik, "edozein haurrek lehenago eta errazago aldatuko duela programa, hiztegia hartu baino”. Eta erantzuna bat-batean etorri zitzaion: “Hori ez dute sekula egiten, bai baitakite katea aldatuz gero telebista itzaliko zaiela. Disziplina-kontua besterik ez da”.

“Pobrecitos” bota zuen ahopeka aurretik neraman aragoiarrak eta inork ez zuen hartaz gehiago ezer galdetu, baina nik neuk pentsatu nuen nire kasa… zer ez ote lukeen aitona horrek esango euskaraz edo katalanez ikasteko horrelako metodoak erabaliko balira... euskaraz edo katalanez behartzeko gaztelaniazko telebista debekatu, alegia. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: