Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Informe Vitoria, 1976

Informe Vitoria, 1976

Amatiño 2011/03/03 11:15
“El 4 de marzo pasado, la gira europea del señor Areilza quedó desbaratada y Fraga hubo de ofrecer sus disculpas, poco afortunadas, en Alemania; (el secretario general del partido social-demócrata alemán canceló la entrevista que ambos iban a mantener); y así, la primera gran ofensiva diplomática de la monarquía quedó en agua de borrajas; peor aún, en ridículo. La flamante España de la monarquía seguía siendo la triste España de Franco.”

Honelaxe hasten da Informe Vitoria. Grupo de trabajo Alternativa deritzon txostena. 1976ko maiatzean argitaratu zen eta, 635 orrialde estu-mestutan zehar, urte hartako urtarriletik apirilera bitartean Gasteizen izan ziren greben inguruan jazotako gertaera guztiak luze-zabal biltzen ditu, martxoaren 3an poliziak tiroz hildako bost langileak tarteko. “Guztiak” esangura du guztiak. Hitzaurreak berak dioenez  “aceptado de antemano la ausencia de toda amenidad en las páginas que siguen, hemos preferido recoger toda la información, casi exhaustiva esperamos, y sistematizarla”.

Eraz eta moldez “isilpeko” liburua da. Ez du egilerik aipatzen, ez argitaletxerik, are gutxiago, jakina, lege gordailurik, ISBNik edo horrelakorik ezer. Gainera, argitalpena ere hala moduzkoa da, ez ohiko moldiztegian egina, 635 orrialdeak banan-banan makinaz idatzi eta ziklostilez botata baino.  Hala ere, amaieran, irakurleak  edozein informazio, iritzi edo kritika nora bidali izan dezan, honako helbidea dakar: Jean Marie Kosmicki. 30, Rue Vieille du Temple. 75005 - Paris.

Taxuz eta zentzuz, berriz, 1976ko giroaren ispilu da, orduko etenbako jario aldarritsuaren lekuko, luzea, astuna, trinkoa. Gertakariak eta edozenbat zertzelada ezezik, erreakzioak, adierazpenak, agiriak, prentsa-dosierrak eta denetariko xehetasunak zein datu-bilketak metatzen ditu. Beti ere langile-mugimendu zorrotzaren ikuspegitik, alderdi politikoei muzin eginez eta erakundeak uxatuz. Sei hilabete baino ez ziren Franco ohean hil zela. Artean, biltzarrak, manifestazioak, huelgak, sindikatuak eta alderdiak legeztatzeke zeuden. Lehen hauteskundeak eratu orduko beste hamabost hilabete joan ziren.

Ezin jakin Informe Vitoria haren zenbat ale egin ziren. Are gutxiago zenbat geratzen ote diren egun. Googelen pare bat erreferentzia galdu baino ez dago eta azalaren irudirik ezta bat bera ere, nik dakidanez behintzat. Ostentze hau azken hogeita hamabost urteotako utzikeriaren adierazgarri da. Ez dugu jakin, ez dugu asmatu, ez dugu orduko erantzukizunik eskatu nahi izan.

 Informe Vitoria

 

etiketak: 1976 Martxoak 3
Amatiño
Amatiño dio:
2011/03/05 18:43

Izatez Eusebio izan zitekeen, garai hartan euskara irakasten ziharduen-eta Zaramagako parrokian hain zuzen. Baina, hala ere...

Batetik ez dut uste bilketa garau hori lagun bakar baten lana denik. Bestetik, nik esango nuke txosten hori burutu zutenak oso "sindikalistak" zirela eta Eusebio, berriz, dezente "filosofoagoa", beti ere sindikalista eta filosofo hitzak zentzurik onenean erabiliz, batere zerik gabe.

Azkenik, Eusebio Osa bergararra zen eta ez dut uste --giroz eta moldez-- txosten egilea(k) bergararra(k) izan zite(z)keenik.

mikel
mikel dio:
2011/03/05 16:00

Ondo baino hobeto dakit Eusebio Osa Unamuno izan zela urte haietan agertu ziren bi informe nagusietako baten egilea. Une honetan zalantza dut, halere, hemen aipatzen duzun "Informe VItoria" liburuarena izan zen ala Tomas Etxaberen egiletzarekin agertu zen "Vitoria 76" izenekoarena.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: