Informazio-bilketa sekula ez da inuzentea
Begiak zabaldu dizkidana Iñaki Goioganaren artikulua da: El expolio para la represeión ‘hecho’ archivo (Hermes, 44. zenb.). Historialari honek dioenez: “los decomisos de documentación no son inocentes, tienen un objetivo finalista. Forman a menudo parte del botín de guerra, pero sin dejar de ser elementos muy importantes en la lucha ideológica que en cualquiera conflicto se da”. Alegia: “con la concentración de los fondos en Salamanca, el bando faccioso pretendía poder informar sobre los antecedentes políticos, sindicales y sociales de los republicanos prisioneros y, así, decidir sobre ellos con la información extraída de sus propios documentos”.
Beste modu batez esanda, euskal artxiboak ez zeuden Euskal Herritik kanpo edozein gerratan gertatu ohi diren noraezengatik, ezta --segurtasun-kontuak tarteko-- frontetik ateratzeagatik ere, errepresio-helburu zehatzengatik baino. Hau da, frankismoak, 1938an, “Delegación del Estado para la Recuperación de Documentos” bulegoa sortu zuenean, helburu ezin adierazgarriagoa zuen: “recuperar, clasificar y custodiar todos aquellos documentos que en la actualidad existen en la zona liberada procedentes de archivos, oficinas y despachos de entidades y personas hostiles y desafectadas al Movimiento Nacional, y los que aparezcan en la otra zona, a medida que se vayan liberando y sean susceptibles de suministrar al Estado información referente a la actuación de sus enemigos”.
Haren guztiaren burua Marcelino Ulibarri Egilaz nafar karlista izan zen, eta lana gogotik egin zuen nonbait, Eusko Jaurlaritzaren, alderdien eta sindikatuen artxiboak lapurtu eta bildu ezezik, hainbat udal, elkarte, talde eta gizabanakoren artxiboak eta denetariko agiriak metatu baitziren.
Iñaki Goioganari jaramonik egingo badiogu, Katalunian eta Valentzian bildutakoa, soil-soilik, 130 tona beste izan zen, hamabi tren-bagoitan Salamancaraino igorri zena. Hau guztia miatzeko edozenbat polizia eta guardia zibil jarri ziren lanean, hainbat urte luzez fitxak egiten aritu zirenak. Guztira hiru milioi lagun fitxatu omen ziren, Espainiako (1940) biztanlego osoaren %10 baino gehiago.