Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Infinitua, inoiz baino hurrago

Infinitua, inoiz baino hurrago

Amatiño 2024/10/01 19:25
Benito Ansola (Lekeitio, 1928) aintzindariaren omenez, euskal zinemagintzaren azken mende erdi honetako bilakaera biltzen du Donostiako Zinemaldian aurkeztu berri den “Zortzitik infinitura” dokumentalak. Baleukoren (1) ekoizpena, Naia Laka Arrizubietaren (Ispaster, 1990) gidoiaz eta zuzendaritzapean. Aurkezpenaren lekuko, "On Benito" bera, zahar, sendo, zindo... Gernikako Arbola lakoa.

1976an, Lehen Zestoako Euskal Zinema Tokapeta (2) zela-eta, Zeruko Argia astekariak zera galdetu zion Xabier Unanue (3) antolatzaileari: “Baina, horratik, euskal zinemarik ba ote da?” Eta topaketa-zuzendariak erantzun: “Egia esango badugu, euskal zinemarik ez da, eskola edota mugimendu bezala, behintzat. Film solte batzuk daude, baina ez Euskal Zinerik.”

Ondoko ia mende erdiko bilakaera azpimarratzera dator Zortzitik infinitura dokumentala. Alegia, Benito Ansolak eragindako ereintzaren (hitzaldiak, ikastaroak, zine-bilerak, zine-klubak, zine-tokaketak, zortziko (4) film laburrak…) ostean, urtez urte sustatu eta mamitu den ekoizpen-andana, “Mikelen heriotza” (1985), “Aupa Etxebeste” (2008), “Loreak” (2014). “Handia” (2017) eta “20.000 especies de abejas” (2023) mugarrien ildotik, adibidez. Baita Miren Agur Meabe idazlearen eskutik biltzen diren dozenaren bat (Asier Altuna, Aitor Arregi, Ramon Barea, Iratxe Fresneda, Mireia Gabilondo, Jon Garaño, Amaia Lauzirika, Jose Luis Rebordinos, Imanol Uribe, Paul Urkijo, Estibalitz Urresola, Gotzon Txopitea eta Begoña Vicario) zinegileren iritzien esparrutik ere.

1975ean "On Benitok" 47 urte zituen eta, artean, Naia Laka jaiotzeke. 1975 urtean ez bezala, 2024ean euskal zinerik izan bada. Oraindik ere infinitutik urruti samar seguru asko, baina inoiz baino hurrago.

---ooOoo---

1) Baleuko

2) Urtebete lehenago, Arrate Kultura Elkartearen Euskara Batzordean eratu genituen bost mahai-inguru, liburu-argitalpenaz, irratiaz, kazetaritzaz, bertsolaritzaz eta zinemaz. Azken honetako mahaian elkartu ziren: Martin Ibarbia, Luis Iriondo, Luis Larrañaga eta Xabier Unanue. Eta, hain zuzen ere, eztabaidan zehar, Unanuek hurrengo urtean Zestoan zinema-topaketa antolatzeko konpromisoa hartu zuen. Hartu eta bete.

3) Xabier Unanue eta Martin Ibarbia ziren garai hartan, Gipuzkoan, herri-mailako zine-zaletasunaren sustatzailerik kementsuenetakoak. Eurei esker ezagutu nituen nik Benito Ansola eta Luis Larrañaga, gerra osteko aintzindariak.  

4) Wikipediak "supertzortzi" film-mota baino ez du jasotzen, besterik izan ez balitz bezala. Baina aurretik "zortzi" soila ezagutu genuen.  Zortzi arruntaren koadroak 3,68 X 4,88 milimetrokoak ziren, eta gero --gauza handi bezala-- etorri ziren superzortzi modernoagoarenak, ostera, 4,22 X 5,63 milimetrokoak. 

.Zortzitik infinitura

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: