Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Infiltrazio feminista

Infiltrazio feminista

Amatiño 2024/11/08 00:15
Arantxa Echevarriak (Bilbao, 1968) ez zukeen sekula “La infiltrada” filma egin izango protagonista emakumea izan ez balitz. Eta honekin ez dut maiseorik txikerrena ere egin nahi, filmari atxiki dakiokeen aje politikoa duda-mudatan jarri baizik. Poliziaren operazioak helburu politikoak zituen, baina Echevarriaren “thrillerrak”, ordea, ez du izan beharrik. Film-zuzendaria subjektiboa da, bai, baina ikusentzulea ez da objektiboa.
Infiltrazio feminista

Aranzazu Berradre Marin (Carolina Yuste)

Carolina Yuste  sinesgarriaz (1) eta Luís Tosar zitalaz,  "La infiltrada" zine komertziala da bete-betean, samur asko eta gustura ikustekoa. Polizia eta gaizkileen arteko “thriller” peto-petoa, suspense-film bizkor bezain pizkorra. Hamaika tenka eta ezuste sortarazten dituena, hasi eta buka  ikuspegi feministaz, ikusentzuleak entretenitzea lortzen duena. Ez da gero gutxi, nahiz Donostiako Zinemaldiak --bere arrazoiz segurutik-- aurtengo jaialdirako hautatu ez... urtetan makinatxo bat film ganorabakoagorik ikusi behar izan dugun arren.

Edozein publikoren aurrean erabat ulergarri den filmari nekez uka dakioke, ordea, donostiartasunik, ETAren barruan satorrarenak egiten amaituko zuen Arantxa Berradre (2) 22 urteko polizia errioxarrak zortzi urtez bizi  izan zelako Alderdi Zaharreko hainbat girotan, inguruko harategian lan egin zuelako eta, batez ere, berak alokairuan hartutako etxea --mikrofonoz josia (3)--  harako Donosti Komandoaren gordelekutzat onartu eta ia bi urtez partekatu zuelako.

Baina, batez ere, lehen eta behingoz, ekoizpen feminista da, berau baita Arantxa Echevarria zuzendariak filma egiteko leitmotiv eta oinarrizko arrazoia. Feminista da, emakumearen ikuspuntutik egindako begiradaz, poliziak nahiz terroristek nabarmen matxistak diren munduan, non batzuok eta besteok nekez sinesten duten emakumeek sator-zeregin ausart eta zailetarako balio dezaketenik (4). Eta feminista da, behingoz protagonistarik behinena emakumea delako, eta ez inoren alaba, emazte, bikote edo andregai (5).

Benetako gertakarietan (6) oinarritutako istorioa denik zalantzarik ez (7). Egia den bezala ekoizpenari ekin aurretik Arantxa Berradre berari gidoia helarazi zitzaiola bere iritzia jakitzeko, nahiz sekula erantzunik jaso ez. Bertatik bertara hark bizi izan zuen istorioaren filma ikusterik izan duenik ere ezin jakin.

1) Polizia-paperaren (pertsona) eta sator-rolaren (pertsonaia) arteko kinkan beti. 

2) Donostian bizi izandako zortzi urteetan erabili zuen goitizena.

3) Itxura denez, Mayor Oreja orduko ministroari ez zitzaion aztarrenik falta izan ETAren suetena "tregua-trampa" zena jakitzeko. 

4) Adierazgarri, ETAkideek etxeko zereginak emakumearen kontu lagatzeko joera.

5) Adierazgarri ere, Arantxa Berradre satorrak poliziari pasatzen dizkion behin betiko frogak emakume polizia haurdunari ematen dizkiola eskuz esku.

6) Bi ETAkideen --Kepa Etxebarria (Iñigo Gastesi) atsegin on hutsa  eta Sergio Polo (Diego Anido) desatsegin maltzur hutsa-- izaeren arteko banaketak askotxo du karikatura sinesgaitzetik. 

7) Arantxa Echevarria zuzendariak berak zehaztu nahi izan du, zertzelada xume bi izan ezik, gainerako guztia egia dela. Ez dago ez sinesteko arrazoirik, beti ere  poliziaren grabazioak entzuteko aukera izan baldin badu. Eta, hala balitz, harako karikaturek ez lukete karikatura izan beharrik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: