Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Industriaz erabaki, industriaz jakin gabe

Industriaz erabaki, industriaz jakin gabe

Amatiño 2020/04/01 14:45
Espainiako Gobernuak nabarmen zabaldu ditu igande gaueko Dekretuaren lanean jarraitzeko aukerak. Interpretazio zabalago honetan jakineko eragina izan dute, segurutik, Asturiasko Parlamentuaren zein Eusko Jaurlaritzaren eskabideek.

Aurreko larunbatean, Pedro Sanchezen gobernuak zenbait zirriborro prestatu zituen, pandemiari aurre egiteko eta, besteak beste, ondoko egunetan zenbait industria ixteko. Igandean zehar, antza, Podemos alderdiaren eraginez-edo, zirriborroa Yolanda Díez Lan-ministroaren tesietara makurtu bide zen, Reyes Maroto Industria-ministroaren iritzien kaltetan, nonbait. Eta, azkenean, horra non igande gauerdian atera zen astelehen goizean ezagutu genuen dekretua.

“Ezagutu” diot, baina behar bada lartxo esatea da, ulertzerik ez zegoen dekretua --edo, onenean ere, hogeita lau ordu geroago ondo interpretatzeko joko-arauak behar izan dituen dekretua-- nekez izan baitaiteke ezer konpontzeko ezagupidea.

Jakinekoa da Eusko Jaurlaritzari, EAJri eta Confebaski ez zitzaiela dekretua batere gustatu, eta, ondotik, euskal sindikatu abertzaleei ez zitzaiela denbora askorik kostatu hiru erakundeok txarrestea, osasuna baino, dirua lehenesten dutelakoan. Hala ere, sindikatuon gutxiespenek  ez zuten argitu ahal izan zergatik Asturiasko Parlamentua, lehendakari sozialistarekin, dekretuaren kontra atera zen, Asturiasko espainiar gobernuaren ordezkariaren onespen zehatz eta guzti (Euskadin gertatu ez dena), zer gerta ere lanean jarraitu beharko luketen funtsezko enpresa asturiarren zerrenda ezarriz. Ezta ere,  zergatik, Nafarroako  lehendakari andere sozialistak azpimarratu nahi izan zuen denak ez duela denontzat balio eta tokian tokiko sektore ekonomikoen arabera jakin behar dela erabakiak hartzen. Esanguratsuak, bestalde, UGTren zuhurtzia eta CCOOren “azterketa eraikikorra”.

Baina harako dekretuak ez zuen jaso, soilik, zenbait alderdi, enpresari-elkarte, aditu eta ekonomialariren kritika. Hogeita lau ordu aski izan ziren zetozkeen benetako ondorio larriak sumatzeko. Enpresak geratu-ahala, argindar kontsumoak barrena jo baitzuen, garraiolariak geratu, esportatzear zeuden makinak nasan zokoratu, kanpoko eskabideak bertan behera geratu, indarrean zeuden kontratuak hautsi eta, gainera, epeak kunplituko ez liratekeen kasu hipotetikoetarako aldez aurretik adostatutako isunak erreklamatzen hasi. Alegia, kristoren hondamendia.

Espainiako Gobernuak, aurreko asteburuan inondik ere sumatu ez zuen egoera eratorri honi erantzuteko, autokritika egiteaz gainera, hainbat azalpen eta ñabardura erantsi behar izan zituen atzo.

Ondorioz, nahiz mugatuak izan, lanean jarraitu ahal izateko aukerak zabaldu diren heinean –barrena, asteburutan gisa edo oporren pareko--, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko aterabideak finkatu  ditu eta, ahal eta nahi izan duten industriek neurriak egokitu eta abian jarrtzerik izan dute.

Aurrekoan enpresari batek esan bezala: “Industria bat ez da botoiari sakatzen geratzen edo martxan jartzen. Guk, behintzat, geratzeko astebete behar izango genuke, eta berriro ekin eta %100 produkziora heltzeko, hilabete. Guk ezin izaten dugu erabat geratu, ezta abuztuan ere”.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: