Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Industriarik gabe ezin industria-gizartearen ongizateari eutsi

Industriarik gabe ezin industria-gizartearen ongizateari eutsi

Amatiño 2014/10/31 14:00
Industriak biltzen du herrialdeen I+G delakoaren zatirik handiena, industria da lanpostuak gehien biderkatzen dituen jarduera ekonomikoa; industria, goi mailako lanposturik gehien eskaini, soldatarik altuenak ordaindu eta zerbitzu-arlorik landuenak eragiten dituena. Industria da gehien nazioarteratzen den ekoizpen-mota eta industriak berak neurtzen du herrialdeen arteko lehiakortasuna. Baina, lehen ez bezala, orain industria ez da berez sortzen, ez du merkatuak besterik gabe sustatzen. Industria nahi izanez gero, herri-erakundeek industria-politika erein beharko dute eta gizarteak industriaren aldeko apustua egin. Nahi al dugu?

Hau da, laburbilduz, Roberto Velasco (Bilbo, 1945) ekonomialariak aurkeztu berri duen liburuaren (“Salvad la industria española”) tesia. Velascoren ustez, 1980ko hamarkadatik hona, finantza-sektoreak bereganatu duen kontrolik gabeko protagonismoaren ondotik, ez da gizarte-eskabidea ekonomiaren hazkuntza baldintzatu duena, banketxeen estrategia baizik.

Felipe Serrano irakasleak (EHUren Ekonomia katedraduna) hitzaurrean adierazten duenez, ez da inondik ere demagogia esatea, banketxeak izan direla kapitalak eraikuntza-sektorera bideratu dutenak, industriaren kaltetan. Beste modu batez esanda, azken urteotako eraikuntza-burbuila nekez gertatu zitekeen, kredito-uholdeak hartara luzatu izan ez balira, eta industriak ez zukeen aldi berean gainbeherarik izango kreditorik eskaini izan balitzaio.

Hona bi datu adierazgarri. Batetik, Espainian 3,5 milioi lagun ari ziren industrian, 1976an; 2013an, 2,3 milioi baino ez. Bestetik, Euskal Autonomia Elkartean, industriaren eragina BPGren baitan 3,2 puntu (%24,5-%21,3) jaitsi den artean, Europar Batasunean 0,5 puntu (17,6-17,1) besterik ez da murriztu eta Alemanian, berriz, ia pareko (23,2-23,1) eutsi.

Industria behar dugu berreskuratu, industria-tradiziodunak garen euskal eta kataluniar gizarteok batez ere. Baina berreskurapen hori ez du merkatuak soilik eragingo. Horrez gainera herri-erakundeen industria-politika behar izango da, kredito aproposak plazaratu eta “ekonomia errealaren” aldeko gizarte-atxikimendua indarrean jarri.

Liburuak ez du, behar bada, hitzez hitz zehazten, baina nik nire kasa ezarriko nuke gure aurreko belaunaldiek industriari atxikia burutu zutela euren bizitza eta oraingo belaunaldiak, aldiz –bai, bainaka— beste sintoniaren batean diharduela. Asmatuko al du? Auskalo, batek daki. Baina, zer gerta ere, ezin izango dena zera da: industriarik gabe industria-gizarteari darion ongizate-mailari eutsi.

VelascoEguiagaraySerrano1000

Roberto Velasco, Juan Manuel Eguiagaray Industria ministro ohia eta Felipe Serrano, Madrilen egindako aurkezpenean

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: