Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Industriaren altxorra

Industriaren altxorra

Amatiño 2014/02/19 23:10
Ez dira gero artaleak: 1.630 milioi euro. Petronorren jardueraren eraginez 1.615 milioi euro bildu omen ditu Bizkaiko Foru Ogasunak azken urte biotan eta Muskizko udalak ia 14,5 milioi inguru. Petronorrek 914 langile irmo ditu, inguruko 6.200 laguni ematen die lana eta, aldi berean, 125 milioi euro besteko produktuak eta zerbitzuak erosi dizkie Bizkaiko 450 enpresari.
Industriaren altxorra

Petronor

Zenbaki ikaragarriak dira. Neurriz kanpokoak. Petronorrek eragiten dizkio urtero Bizkaiko Aldundiari 650 € bizkaitar bakoitzeko eta, Muskizko Udalari, 1.050 € muskiztarreko (guztira 1.700 €, beraz, Muskizen, bertako hiritar bakoitzeko).

Behar bada norbaitek adierazi lezake: “bai baina, esaten ez dena zera da, zenbat irabazi ote duen horrenbeste ordaindu behar izateko!”. Erantzuna, berriz, uste baino errazagoa: ezta euro bat ere, krisialdia krisialdi, Petronorrek dirua galdu du-eta, azken bi urteotan.

Arazoa ez da enpresaren bat edo beste goratzea. Ezta erraldoiaz  erruki izatea ere. Petronorrek horrenbeste ordaindu behar izan du horrenbeste ordaintzea zegokiolako, eta kitto. Dimentsio izugarri handitan ari delako eta maila guztietan delako handi, garau eta galant. Baina kontua da, ordea, behingoz hautsi beharra hainbatek industriaz duen uste arina, edozein enpresaren eraginpean kapitala eta langileak besterik ez baleude bezala, gizartea ikusentzule hutsa bailitzan.

Ez, Bizkaiko nahiz Euskadiko ekonomia, ongizatea edo bizimodua bestelakoa litzateke industriarik ez balego. Beste modu batez esanda, Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuak 800 milioi euro murritzagoak lirateke urtero Muskizko findegia bost kilometro “harantzago” (Kantabrian) balego.

Izan ere, Kantabrian oraindik gogoan duten arren, guk ahaztu egin dugu duela berrogeita bost urte sekulako norgehiagoka izan zela Santanderreko eta Bilboko interes ekonomikoen artean findegia Kantabrian ala Bizkaian eraikitzeko eta, azkenean, Bilbo eta Bizkaia bankuen zein aurrezki kutxen eraginez Muskizen eta Zierbenaren artean kokatu zela. Erabaki harek erakarri zuen, besteak beste, egungo Bilboko Portu Handia, petroliontziak bertaratu ahal izateko.

Seguraski zilegi da industriarik gabeko beste gizarte bat, baina nik neuk ez dut batere proposamen zehatzik inon ezagutzen. Are gehiago, inoiz Euskadi independientea balitz, itxiko lituzkeen azken industriak energia-ekoizleak izango lirateke.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: