Industriak itxi eta hipermerkatuak ireki
Nire etxetik hamar minutura, autoz, badago industrialde bat non supermerkatu kate batek bere denda handi-mandi horietako bat ireki berri duen. Goiz eta arratsaldez ateak zabalik, eguerdiko etenik gabe.
Nik ez dut oso ondo ulertzen zergatik autoz joan beharra eskatzen duen hipermerkatu batek ateak ireki ditzakeen, inguruko poligonoko enpresek itxi egin behar duten artean. Ulertu dezaket janari-edaritako dendak ireki ahal izatea, beharrezko direlakoan, baina, nik esango nuke, premiazkoak liratekeela, izatekotan, kale-bazterreko edo herriko plaza inguruko denda txikiak, eta ez autoz joan beharreko biltegi galantak. Agindua ez al da ba ahalik eta dendarik hurrenenera joan eta ziztu bizian etxera bueltatzea?
Norbaitek azaldu beharko liguke zergatik den premiazkoagoa herritik kanpoko hipermerkatuak zabalik mantentzea, munduan zehar makina-erremintak erosten dizkiguten bezeroak atenditzea baino. Baten batek esan beharko liguke zergatik uste duen lanean jarraitzeko gertu leudekeen industria-buruei ez zaien euren langileen osasuna ardura. Eta, irekita jarraitzen duten hipermerkatuen nagusiei, ordea, bai.
Pandemia dela-eta, seguru gero, Espainiako Gobernuak Osasun-sektoreko ikerle, mediku eta profesionalekin kontatu duela. Zergatik ekonomia erreala geldiarazi aurretik ez du industria-sektoreko adituekin beste horrenbeste egin? Presaka eta harrapataka, orduz kanpo eta igande-gauez, industriak ixtea erabaki zuten agintariek, esango al ligukete zenbat lanpostu sortarazi duten eurek, euren bizitza profesionalean? Behar bada, batere ez.
Eta, etxera itzuliz, nik badut susmoa Euskadin enpresak ixteko zabaldu den grina errazaren arrazoi nagusia industriarekiko jarrera uzkurra dela.
Hala ere, gure euskal ongizatea, txikia edo handia, dena delakoa, industriari zor diogu. Eta zerbait egin behar dugun bakoitzean industriaren bizkar egiten badugu, gureak laster egingo du, eta betiko.
Ahoa betetzen zaigu lelo borobilez: “Izan zirelako gara eta garelako izango dira”. Bai, baina gero, industriak itxi eta hipermerkatuak, ireki.
EUSKADI IRRATIA - Albiste faktoria