Estrategia-industria da energia, ez finantza-produktua
Emiliano Lopez Atxurra Energia Katedrako Patroi-Batzordeburuak esan bezala, azken bi hamarkadek frogatu dute ezinezkoa dela mendebal-herrialde garatuen energia-kontsumoa gainerako mundu guztira hedatzea. Eta suspertzear dauden nazioek aurrera egingo badute, karbono urriko energietara jo beharra baino ez dagoela.
Azken hogei urteotan C02 isuriak %2,1 gehitu dira urtero, guztira %50 inguru alegia. Europan isuriak hazi ez diren arren, Asian %172 gehitu dira eta bestelako kontinenteetan %15.
Intergovernmental on Climate Change erakundeak jakinerazi duenez, klima-orekari eutsi ahal izateko beharrezko litzateke tenperatura globala gradu bi jaistea, industrialtze-aro aurreko mailaren azpitik. Edo, beste modu batez esanda, C02 isuriak 450 ppm ez gainditzea.
Egun jakina da energiak eragindako negutegi-efektuak lau iturburu nagusi dituena: energia-ekoizpena, garraioa, industria eta etxebizitzak zein zerbitzuak. Eta lehen biak isuri guztien %48aren eta negutegi-efektu orokorraren %20aren “errudun” dira.
Lopez Atxurrak adierazi duenez (2012.05.11), karbono urriko ereduari eusteko beharrezko omen dira eraberrikuntza, teknologia, energia garbiak eta energia fosilen kontsumo eraginkor nahiz iraunkorra. Ildo beretik aldarrikatu du, berriz, sustatu beharreko industria estrategikoa dela energia eta ez, azken hogei urteotan Espainian uste bezala, “finantza-produktu” hutsa.
Hain zuzen ere, azpimarratu nahi izan du energia, ingurumena, teknologia, industria, lehiakortasuna, ongizatea eta lanpostu-sorrera elkarrekin doazela, ez baita alferrik energia ekonomiaren balio erantsiaren %17 Espainian, %25 Alemanian eta %29 Euskal Autonomia Erkidegoan.
Kontua da, ordea, herrialde bakoitzak bere kasa diharduela eta nork bere erabakiak hartzen dituela. Eta, hain zuzen ere, nazioarteko hainbat esperientziaren berri jaso eta eskaini nahirik dator “Hacia una economía baja en carbono” (Orkestra, Lehiakortasunerako Euskal Institutua) delakoa, zenbait herrialdetan, energia-sektoretan, legeria-esparrutan eta arau fiskaletan jorratutako urratsak laburbilduz.
Xabier Garmendia, Industria eta Energia sailburuordea, eta Emiliano Lopez Atxurra