Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Indar nuklearra: ialgi da plazara

Indar nuklearra: ialgi da plazara

Amatiño 2009/05/21 19:14
Hemen da. Heldu da. Hainbat urtez lozorroan egon den eztabaida iratzarri eta suspertu da: zentral nuklearren gaia ialgi da plazara. Garoñakoak hurrengo uztailaren 5an amatatu behar izango ditu erreaktoreak, aldez aurretik CSNk (Segurtasun Nuklear Kontseilua) epea luzatzen ez baldin badu behintzat. Erabakia Alderdi Sozialistari dagokio gehienbat.

Garoñako zentral nuklearra 1970an eraiki zen eta Espainiako zaharrena da. Aurreko asteazkenean Kongresuak ez zuen onartu IU-ICVk aurkeztutako ekimena, zeinetan epea luzatzeko baimenik ez ematea eskatzen zen. PSOE, PP eta CiU eskabidearen aurka azaldu ziren eta EAJ, BNG eta ERC-IU-ICV, ostera, alde.

Biharamunean, berriz, ustebakoa gertatu zen, Jesus Caldera ministro ohiaren lehendakaritzapeko Ideas Fundazio sozialistak Garoña ixtea eskatu zuenean. Eztabaida mahai gainean dago, komunikabideetan alegia.

Eztabaida honen aurrean zenbait buru hainbat aburu segurutik baina, batez beste, hiru iritzi nagusi. Zentral nuklearren aldekoak, kontrakoak eta, berriak egitearen alde agertu ez arren, eraikita daudenak indarrrean jarraitzea proposatzen dutenak.

Alde daudenen irizpideak laburbilduz: energia atomikoa merkea da, karbono dioxido (CO2) emititzen ez duen bakarrenetakoa, zentralak oso seguruak dira, gero eta hondakin gutxiago sortarazten dute eta, gainera, gutxi zein asko denok kontsumitzen dugun energia-mota da.

Aurka daudenen artean, berriz, zentral nuklearren arriskuak dezente handiak dira, hondakinen arazo larriak konpontzeke jarraitzen du, eraikuntza ikaragarri garestia, uranioa urri samarra eta etorkizunak energia berriztagarrien ildotik joan behar du berandu baino lehen.

Erdipurdikoen ustez, azkenik, energia atomikoa eta berriztagarriak elkarren osagarri dira; aurrera begira ez da zentral nuklear berririk egin beharrik izango baina bai, ordea, gaur egun indarrean daudenez baliatu beharra, adituek baldintza teknikoak segurtatzen dituzten neurrian behintzat.

Zenbaitek besterik uste arren, ez dut nik uste ezkerra eta eskuinaren arteko eztabaida denik, ezta enpresari handi eta sindikatuen artekoa ere. Oro har, gobernu-erantzukizuna duten alderdiak alde daudeke eta oposiziokoak, aldiz, kontra. Eta UGT nahiz CCOO sindikatuen buruzagien artean badira energia nuklearrak egitasmo serioak landu eta jendea ondo informatzea eskatu izana aldarrikatzen dutenak (Expansión, 2009.05.20)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: