Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Inbidia

Inbidia

Amatiño 2012/11/09 23:30
Leizezaleok pozarren atera ginen bart Victoria Eugeniatik baina ez, ordea, iritzi bereko. Hainbatek Werner Herzog-en filma ederra goretsi zuen, bazen Juan Luis Arsuagaren hitzalditxoak liluratu zuenik, ale bana eman ziguten liburua (Altxerri. Aia, 2012) gustura jaso zuenik izan zen bezalaxe. Ni, ordea, txundituta atera nintzen duela berrogeita hamar urte Altxerriko labar margoak estreinako aurkitu zituzten hiru lekukoen hizjarioaz.
Inbidia

Juan Cruz Vicuña

Juan Cruz Vicuña, Javier Migliaccio eta Felipe de Aranzadi espeleologo gazteek hogei urte eskas baino ez zituzten, 1962an, Altxerriko labar margoak aurkitu zituztenean eta berrogeita hamar urte gehiago, noski, bart gauean. Eta kristoren inbidia eman zidaten.

Inbidiarik ez, 1962an, erdi ilunetan, aho zabalik geratzeagatik; inbidiarik ez, ondoko egunetan Joxe Miel Barandiaran eta guzti “froga” bila aritu izanagatik; inbidiarik, ezta, berrogeita hamar urte geroago, elkarrekin kontatu ahal izateagatik. Baina inbidia, bai, euskaldun naizen aldetik, atzo, guztion aurrean, gaztelaniaz, azaldu zuten apaltasun, patxada, komunikazio-erraztasun eta hitz-emari arrunt bezain helduagatik.

Segurutik euskarak sekulako urratsak jorratu ditu azken berrogeita hamar urteotan, baina, behar bada, oraindik ere –edo, agian, orain, gero eta zailago— nekez bildu genitzakeen euskal gizartean –euskal letretatik kanpo-- hiru lagun, elkarrekin, hain etorri samur, uxter eta artezaz.

Jendea…

 Eibarren jende gutxik dakien arren, Juan Cruz Vicuña eibartarra da, Estaziño kalean jaioa.

 Jakin ere jende gutxik daki Juan Cruz Vicuña Euskadiko Hidrokarburu Elkartearen zuzendari nagusia dena.

 Harrigarri, bestalde, atzo Victoria Eugenian bildutako jendearen adina. Bataz beste 60 urte inguru, espeleologian zein arkeologia-indusketan gazte-jendea erabat nagusi den arren.

 Jende askori astun samarra egin zitzaion ia hiru orduko saioa. Ederra baina luzetxoa, Werner Herzog-en "La cueva de los sueños olvidados" dokumentala (95 minutu) eta planfletoantza, berriz, amaiera.

Vicuña

Juan Cruz Vicuña, Javier Migliaccio eta Felipe de Aranzadi, atzo Donostian

oier g
oier g dio:
2012/11/10 22:55
Amatiño, zeozer iges egitten desta zure mezuan.

Enbidixia detsazu "EUSKALDUN naizen aldetik, atzo, guztion aurrean, GAZTELANIAN, azaldu zuten (...)hitz-emari arrunt bezain helduagatik.

Segurutik euskarak sekulako urratsak jorratu ditu azken berrogeita hamar urteotan, baina, (...) nekez bildu genitzakeen (...) hiru lagun, elkarrekin, hain etorri samur, uxter eta artezaz".

Ez dot harrapatzen razonamentua.
Amatiño
Amatiño dio:
2012/11/10 23:52
Ez du GAZTELANIAN jartzen, GAZTELANIAZ baizik.

Dena den, oker nahiz zuzen, ilun samar nonbait, zera adierazi nahi nuen:

1. Hiru espeleologoon adierazpenak izugarri politak izan ziren, erantzun guztiz argiak, zentzuzkoak, ondo egituratuak. Eta nik pentsatu nuen, zein tipo normalak eta zein gaztelania jatorra. Alegia ze inbidia!

2. Ze inbidia ze... nire ustez, euskaraz nekez gertatzen da horrela. Ez dut inondik ere uste --zoritxarrez-- posible litzatekeenik kobazuloan elkarrekin bildu diren hiru euskal espeleologo kamera aurrean jarri eta horren euskara errazez, arruntez eta jatorrez hitzegitea.

3. Nik neuk neure burua aurkitu nuen ezohiko eta ustebako pentsamentuaz. Normalean, hiru "euskal" espeleologo gaztelaniaz hitzegiten entzuterakoan, euskaldunik gehienok pentsatuko genuke ea zergatik ez duten euskaraz hitzegiten. Eta nik, ordea, une horretan, zera pentsatu nuen: ze inbidia! Euskaldunok ez gara horren ondo euskaraz hitzegiteko gauza. Noiz arraio helduko ote da herri hau euskaraz ere maila horretan hitzegitera!

Oharra: Hemen, gutxiena da espeleologoak diren ala suhiltzaileak. Ez naiz lanbideaz hitzegiten ari, euskaldun arruntok komunikabideetan euskaraz ondo hitzegiteko dugun zailtasun orokorraz baino. Sarri asko, niri belarriko mina ematen dit hainbat molde trakets eta ezlandu entzun behar izanak. Baina ezin naiz oso kritikoa izan, ni neu ere oso hizlari petrala naiz-eta. Horra, zergatik, besteak beste, inbidia.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: