Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iñaki Salvadorren zirrara bikoitza

Iñaki Salvadorren zirrara bikoitza

Amatiño 2021/05/01 22:05
Pozarren eta gogotik hunkitua azaldu zen Iñaki Salvador, ostiral iluntzean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Batetik, Nazioarteko Jazz Eguna zelako. Baina, bestetik, ez direlako oraindik hiru hilabete ere, ezustean agertokitik ospitalera zuzenean eta antxintxika eraman behar izan zutela.
Iñaki Salvadorren zirrara bikoitza

Iñaki Salvador

Iñaki Salvador musikari ezagun eta saritua da, jakina: jazz-musikaria, piano-jotzailea, piano-irakaslea, ereslaria, moldatzailea eta abar luzea. Nekez uler daiteke azken 25 urteotako euskal konposizioaren bastidoreartekoa, Iñaki Salvadorren presentziarik gabe. 

Hala ere, denetarik egin arren,  inork ez zukeen gero sekula uste izango Violeta Parra (1917-1967) txiletarraren kanta bat-batean errezitatuko ligukeenik: “Gracias a la vida que me ha dado tanto. Me ha dado la risa y me ha dado el llanto. Así yo distingo dicha de quebranto. Los dos materiales que forman mi canto. Y el canto de ustedes que es mi mismo canto. Y el canto de todos que es mi propio canto. Gracias a la vida que me ha dado tanto”. Ahapaldi horretan bizipoza dago, esker ona datxekio eta musikaren sentipenaz elkarrekin baliatzeko adorea dario. Ekaitzaren osteko aterrune eguzkitsua.

Iñaki Salvadorrek, “nahiz kostata”, euskaraz ikasi duela frogatzeaz gainera, bere barne-muinetako gomutak eta oroitzapenak erakarri zituen taula gainera. Esan nahi baita: Donostiako Jazzaldiaren inguru-mingurua, betidaniko Chick Corea, Keith Jarret, Herbie Hancock edo Bill Evansen ildotik, Iñakik berak burututakoak ahaztu gabe, “Mind” delakoa, esaterako. Halaber, bihotzez omendu zituen Donostian zuzeneko musika urtetan eskaini izan duten tabernak (Altxerri, BE Club, Branka, Etxekalte…) eta ez zituen ahaztu duela 40 urte, nerabe hasiberria baino ez zela, lehen “paga” ordaindu ziotenak.

Mugarririk eta erretenik gabeko musika du gogoko Iñaki Salvadorrek, hemengoa nahiz  hangoa, globala edo lokala, garai batekoa zein bestekoa,  Bach eta ezpatadantza. Musika bizi du, eta musika bizi da bere baitan. Erraztasun handiko jarioa, segurutik, baina baita urtetako bokazioa, ikasteko irrika eta etenik gabeko kemena. Iñakik  gustuko du bere zirrara hori ikusentzuleekin partekatzea eta, aldi berean, ikusentzuleek ere parte izan daitezen nahi.

Batere atsedenik gabe, erabateko gozamena Iñaki Salvadorrek eskainitako ordu eta erdiko kontzertua, Gonzalo Tejada, kontrabaxuan, eta Borja Barrueta, baterian, aparteko lagun izan zituelarik. Gonzalo, serio asko, egiazki maisu ben-bena, ohi denez. Eta Borja, berriz, eskumutur dantzarien magiaz,  urbitsetako lamia edo hodeien barrena hegaz diharduen azti aingerutarra balitz bezala.

Iluntze zoragarri horietakoa.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: