Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Iñaki Perurena, “eukixan jaikixa”

Iñaki Perurena, “eukixan jaikixa”

Amatiño 2011/05/05 23:52
Iñaki Perurenak jasoko du aurtengo Manuel de Irujo Saria “euskararen zein euskal kulturaren berreskurapenaren mesedetan egindako lan eskergagatik”. Sari-emanaldia ekainaren 4an izango da, Lizarran. Zorionak Iñaki.

Koldo Viñuales Irujo Etxea Fundazioaren lehendakariak aditzera eman duenezkirolari, idazle, aktore, bertsolari nahiz Peru-Harri etnografia-museoaren zuzendari izan, Iñaki Perurena une oro eta batere baldintzarik gabe agertu izan da beti euskararen zein euskaraz mintzo den herriaren alde: Euskal Herriaren alde alegia”.

Izan ere, behar bada Iñaki Perurenaren meritua ez da ageri-agerian bere burua euskaltzaletzat aitortu izana, komunikabideetako eskaparatean euskaltzaletasunaren ikurrina atseginez eta normaltasunez aldarrikatzen asmatzea baino.

Euskarak inoiz gutxitan izan du Iñaki Perurena bezainbateko kirolari mediatikorik. Hainbatetan, lehen mailako euskal kirolari asko ez direlako beti euskaldun suertatu; eta, beste zenbaitetan, berriz, sarri asko gure kirolari euskaldunak –euren euskaltzaletasuna zalantzan jarri barik--  motel, motz edo uzkur samar moldatu izan direlako komunikabideen aurrean.

Harri-jasotzaile leitzarra, ostera, gaztetandik izan da plaza-gizona, berritsua, solaskide ona, etorri handikoa, jario erraz eta zentzuzkoa, jokoa ematen duena.  Eibarko esaerak dioenez: “eukixan jaikixa”. Ezin gero esaera aproposagorik ezein harri-jasotzailerentzat.

Teoriaz, nolabait esatearren,  harri-jasotzea ez da kirol-motarik modernoena, irekiena edo homologagarriena; baina, behar bada, euskal kirolaririk modernoena, irekiena eta homologagarrienetakoa harri-jasotzailea da.

 Perurena

"Laino guztien azpitik, sasi guztien gainetik" (ETB, 1989). Ordurako  aparteko komunikatzaile ona zen Iñaki

Perurena harria

1989 urtean 309 kiloko harria jaso zuen. Gero, urtez urte, 322 kilokoa jasotzera heldu zen

 

Kataluniaren eredua

Duela hogeitaka urte pilotari guztiz ezagun, arras serio eta bekozko iluna latz kexatu zen euskal gizarteak (erakundeek, komunikabideek,  enpresek, zaleek…) pilota-jokoari egiten zion jaramon urriaz. Eta, adibide gisa, erantsi zuen: “katalanek pilotarik balute, euskaldunok baino dezente hobeto zainduko lukete”. Eta, erantzun gisa, DEIAn idatzi nion: "behar bada bai, baina Katalunian pilotarik balego, hango pilotariek ere hemengoek ez duten jaikia izango lukete gizartearen zein komunikabideen aurrean".

Geroztik belaunaldi osoa joan da eta, egia esan, panorama nabarmen aldatu. Onerako aldatu ere. Nahiz eta... bekozko iluneko pilotaria bere semeari euskaraz irakasteko bezain "katalana" ez izan.  

jaime
jaime dio:
2011/05/06 18:37

Jaurti duzun gezia guztiz zuzen eta egokia izan arren zeharo alferrik galdua izango dela uste dut. Partidua amaituta gero, semeari erdal elkarrizketa bukaturik "eskerrik asko urlia..." kazetariaren euskal esaldiari erderazko "vale" lehor batez erantzutearen lekuko izatea zuertatu zaigu, behin baino gehiagotan, teleikusle tristetuoi. Ez da semearen errua, osoa behintzat.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: